Noiz: Ekainaren 8an, asteazkena, 19:00

Non: Euskaltzaindiako egoitzan, Bilboko Plaza Barrian

Emankizunean ordu eta erdi inguruko jarduna txirikordatuko dute idazle batek (Pedro Alberdik) eta bi bertsolarik (Uxue Alberdi eta Andoni Egañak), Pello Ramirezen txeloaren eta akordeoiaren doinuen gainean. Hitza izango da emanaldiaren ardatza: hitz idatzia eta kantatua, neurtua eta laua, bat-batekoa eta patxadaz hausnartutakoa.

Pedro Alberdi

Eibarren jaioa 1957an.
Euskara irakasle ogibidez, Bilbon bizi da aspalditik, 17 urte zituenetik. Euskal Filologian lizentziatua. Egun Bilbo Zaharra Forumeko arduraduna da.

Sari asko irabazi ditu bere lanekin. Haur-Gazte Literatura generoko Handitzen naizenean (Alberdania, 1995) eta Nire kalea (Erein 1998) argitaratu zituen literatur ibilbidearen hastapenetan; azken honek Lizardi saria eskuratu zuen. 2000. urtean Satorrak baino lurperago (Alberdania) saiakera eman zuen argitara. Joseba Jaka beka aurretik jasoa zuen entsegu honetan egileak 60. eta 70. hamarkadako kultur eta giro politikoaren kronika sentimentala idatzi nahi izan zuen. 2007an, Bilboko udalak “Miguel de Unamuno” saria eman zion “Carlos esaten zioten gizona” lanagatik.

Uxue Alberdi

Elgoibarren jaioa 1984an.
Elgoibarren jaio eta bertan bizi izan zen 18 urte bete arte. Kazetaritza ikasteko aitzakiarekin Bilbora joan zen. Igartza bekara aurkeztu eta eman egin zioten. “Aulki bat elurretan” liburua osatu zuen hala (Elkar, 2007). 2006an kazetaritza ikasketak amaitu eta itzultzaile lanetan dabil. Hainbat hedabidetan ere kolaboratzaile ari da, irrati nahiz prentsa idatzian. 2007an Gipuzkoako txapelketako final aurrekoetara heldu zen.

Andoni Egaña

Zarautzen jaioa 1961ean.

Bertsolaria. Euskal Filologia ikasketak egina. 1993, 1997, 2001 eta 2005eko Bertsolari Txapelketa Nagusietan txapeldun izan zen. Besteak beste, bertsogintza, artikulugintza eta gidoigintza ditu bizibide. Literaturgintzan ere hainbat liburu argitaratu ditu. 1999. urtean Euskadi Saria jaso zuen, Pausoa noiz luzatu eleberriari esker. Egun, ahozkotasuna eskolan lantzeko metodo bat sortzen ari den lan taldeko partaide da.

Pello Ramirez

Ordizian jaioa 1966an.
Euskal biolontxelo eta akordei jolea. Euskal Herriko musika eszenan eskari handiena duten musikarietakoa izateaz gain (Benito Lertxundi, Pier Paul Berzaitz, Olatz Zugasti, Xabier Lete, eta abar) konposatzailea ere bada. Bere disko propioen artean Haize oihalak (2005, Elkar) eta  Eskuz lurrari (2010, Elkar) ditugu.

Kafkaren aulkia

0 Comments

Leave a reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

© 2024 Bilbo Zaharra Euskaltegia | Eskubide guztiak gordeta |

Log in with your credentials

or    

Forgot your details?

Create Account