“Zergatik panpox” making of 2012

Duela lau urte Axularren Gero, duela hiru Mogelen Peru Abarca, duela bi Jon Miranderen Haur besoetakoa, iaz Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso eta aurton Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik Panpox? . BILBO ZAHARRA euskaltegiko ikasle-irakasleok oso pozik gaude, eta harro, “Klasikoen irakurraldi etenik gabea” ekimena gero eta indar handiagoa hartzen ari delako eta, horrenbestez, pixkanaka-pixkanaka, geure helburua -klasikoen balioak eta gaurkotasuna aldarrikatzea, alegia- betetzen ari garelako.

Zer irakurri erabakitzeko orduan, iaz arte, ordena kronologikoaren irizpidea baliatu genuen. Hots, XVII. mendeko liburu batekin hasi, XVIII-XIX. mendeen arteko beste batekin segi, XX. mendearen erdira iritsi eta ia XXI. mendean bukatu genuen. Hiru jauzi izan ziren, -bi, ehun eta hirurogei urtekoak, eta bat, berrogeita hamarrekoa-, euskal literaturaren historian barrena.

  • Gero (1643)
  • Peru Abarca (1802)
  • Haur besoetakoa (1959)
  • Hamaika pauso (1995)

Izan ere horixe zen lehendabiziko lau irakurketekin lortu nahi genuena: historia horren erakuskaritzat balio lezakeen hautaketa duin bat eskaintzea. Halatan, bada, gure ekimenaren “lehen aroa” betea zela esan dezakegu.

2012ko irakurketarako,  berriro egin dugu atzera, XX. mendean, baina urte batzuk atzera. Arrazoia hauxe da:

Literatur pertsonaien zerrenda egiterakoan, hiru aipatu ditu nagusiki euskal bibliografia kritikoak beti, mugarri gisa: Txomin Agirreren Garoa nobelako Joanes artzaina, 1912koa, pertsonaia laua; Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua nobelako Leturia, 1957koa, euskal literaturako lehen pertsonaia modernoa; eta Ramon Saizarbitoriaren Egunero hasten delako nobelako berritsua, 1979koa, lehen pertsonaia postmodernoa. Laugarren pertsonaia bat proposatzen da, batez ere historiografiari begira: Zergatik Panpox-eko ama. Arantxa Urretabizkaiaren “Zergatik Panpox?” nobelan dugu lehenengo aldiz euskal literaturan protagonista femenino subjektu bat, aitzindaria izan zena bere ezaugarri guztietan.

Egia da “klasikoa” hitz labaina dela eta ez dela erraza zein garai biltzen duen jakitea. Eta hala, ez litzateke harritzekoa norbaitek 1979an argitaratutako nobela bat _Zergatik panpox?-en kasua, hain zuzen_ klasikotzat ez hartzea. Gu ez gara eztabaida horretan sartzen. Arantxa Urretabizkaiaren liburua euskal literaturako mailarik gorenean dago eta merezi du gure ekimenaren ateak parez pare zabal diezazkiogun.

© 2024 Bilbo Zaharra Euskaltegia | Eskubide guztiak gordeta |

Log in with your credentials

or    

Forgot your details?

Create Account