Txomin Agirre Badiola
Bizitza
Domingo Aszension Agirre Badiola, «Txomin Agirre», Ondarroan jaio zen, 1864ean, ekonomi maila apaleko familia baten barruan. Aita, arotza
lanbidez, mutrikuarra zuen, eta ama ondarrutarra. Ondarroa sasoi hartan zeharo arrantzari emandako herri txiro samarra zen, eta Txomin Agirreren bizimodua ere behartsua izan zen umetaro guztian. Kostaldeko giroak, inguruneko pobreziak, eskasiak eta abarrek zalantzarik gabe eragin handia izan zuten Txominen izaera mamitzen: gizon apal, zintzo eta jatorra izan zen Txomin Agirre.
Lehen ikasketak herriko eskolan egin zituen eta, dirudienez, hasieratik
sentitu zuen abadetzarako joera. Hala ere, familiaren diru-baliabideak ikusirik, ezinezkoa zitzaion herritik irten eta beste inongo seminariotara joatea, eta aitari bere arotz-zereginetan lagundu beharrean suertatu zen. Egun batean, ordea, berebiziko aukera sortu zitzaion Bilboko Artzipreste zen Mariano Ibarguengoitia bertara azaldu eta berarekin Bilbora morroi eta mezamutil joateko proposamena egin zionean.
Agirretarren pozerako halaxe gertatu zen, eta gainera gizon honi esker
lortuko zuen gero Txominek Gasteizen 1884etik 1888ra Filosofia eta Teologia ikasteko beharko zuen diru-laguntza. Bertan adiskidetu zen Euskal Literaturaren munduko beste pertsonaia oinarrizko batekin, R.M. Azkuerekin, hain zuzen.
Txomin Agirrek, familia pobre bateko seme bati zegokionez, ezin izan omen zuen Seminarioan nahi bezain luzaro iraun, eta «karrera laburra» eginda, orduko kategoria bereizkuntzen arabera, Karrantza aldera bidali zuten.
Han epe laburra bete ondoren bere ordutik aurrerako bizitzaren gunea izango zuen Zumaiako Karidadeko Moja Karmeldarren ikastetxera joan zen kaperau. Gipuzkoako kostaldeko herri honetan, bertako giro lasaian
gustora sentituz, sortu zituen bere lanik onenak. Ibili zen, bai, hara eta hona Euskal Herrian zehar, baina Zumaia mantendu zuen ohizko bizilekutzat, eta bertan hil zen 1920ko urtarrilaren 14ean.
Testuingurua
Txomin Agirreren izaera hobeto ulertzeko ezinbestekoa zaigu bera bizi izan zen garaiko giro historiko, politiko eta literarloari begiratu bat ematea.
Umea zela ezagutu zuen karlisten bigarren gerratea (1872-1876). Hau
amaitutakoan, Euskal Herriari askatasun murrizte sasoia etorri zitzaion Foruen deuseztapenarekin.
Honekin batera, ordea, kontrako erreak
zio gisa edo, euskal kontzientziaren berpizkunde-garaia gertatu zen. Inoiz baino gogorrago paratu zen herria euskararen alde. Euskal kultur mailan gorakada nabaria egon zen, kultur elkarte, aldizkari berri, lore-joko eta abarren agerpenarekin. Letra-munduan obra handiak sortu ziren: Kanpionen Gramatika, Manterolaren Kantategia… Iparragirre hortik zehar zebilen bere «Gernikako arbola» eta abar abestuz…
Euskal letren munduak, beraz, bultzada handia jaso zuen, baina desadostasunak sortu zituen funtsezko arazo bat zegoen, hizkuntzarena berarena, hain zuzen. Garbizaletasun edo garbizalekeriaren auzia pil-pilean zegoen. Batetik, Sabin Arana eta bere jarraitzaileak zeuden, euskararen garbitasun-kontuetan mutur-muturreko jarrera zeukatenak, erdal kutsuko edozein hitz baztertu eta
neologismoetara behin eta berriz jotzen zutelarik, ordurarteko euskal lan
gehienak, erdarakadaz kutsatuak zirela-eta, arbuiatuz.
Bestetik, Azkueren iritzia zegoen. Beronek, garbizalea izanik ere, tradizio
zahar eta herrikoiari lotuta ikusten zuen jarraitu beharreko eredua.
Txomin Agirre gehienbat bigarren korronte honen barruan kokatu beharko genuke. Garbitasunaren kontuaz oso arduratuta zegoen; hitz eta esaldien jatortasuna bilatzen zuen, baina Aranaren neologismorik onartzeke, nahiz eta sarritan Larramendiren eragina nabaria izan.
Edozein modutan ere, bai batzuen bai besteen helburu nagusia euskara berpiztea zen, eta hori emaitzetan nabaritu zen. Ordurarteko lan erlijioso edota didaktikoek nagusitasuna galdu zuten, eta benetako literatura egiten hasi zen. Hortxe dugu adibide gisa Txomin Agirreren obra. Bertan helburu didaktikoa eta tarteka mezu erlijiosoak begi bistakoak izan arren ezin zaio balore literariorik uka.
Egindako lanak
Eleberriak
- Auñemendiko lorea (1898, Euskalzalen Moldagintza)
- Kresala (1902-1905, Euskalerria aldizkaria)
- Garoa (1907-1912, RIEV aldizkaria)
- Ni eta ni (1917, Euskal-Esnalea aldizkaria)
Beste batzuk
- Historia de Nuestra Señora de Iciar, gaztelaniaz (1895).
- Sermoiak (2000, BBK-Labayru)
- Leiendak (1990, Euskal Editoreen Elkartea)
- Ipuinak (1990, Etor)
- Olerkiak: Ai balekite, Ama bat, Sarako lorea.
- Narrazio herrikoiak: Maiton Itzontzi, Anton Betozko.
- Itzulpenak: Arzaken lan batzuk eta Kanpionen Larraldeko lorea antzerki lana.
- Historia lanak: Larramendiren bizitzaren berri labur bat.