Periferiatik erdiguneranzko bidaia amaigabea

Goazen orain Iparraldeko literatur azpi-sisteman periferikoak diren idazleak aztertzera. Periferikoetan garrantzitsuena den autorea, dudarik gabe, Itxaro Borda dugu. Behar bada harrigarria dirudi Borda bezain mediatikoa eta itxuraz arrakastatsua den idazlea (duela bi urte Euskadi saria lortua, gainera) periferikoen artean kokatzea, baina hala da. Iparraldeko azpi-sisteman oraindik ere, neurri handi batean, periferikoa izaten jarraitzen duela uste dut. Baina egungo Iparraldeko literatur azpi-sisteman eta baita Euskal sistemaren baitan Itxaro Borda zer den ulertzeko, beharrezkoa dugu iraganera jotzea, idazten eta argitaratzen hasi zen urteetara.

80eko hamarkadaren hasieran, Itxaro Borda gune-guneko Herria eta jite bereko aldizkari « legitimoetan » idazten hasten den idazle « arrunta » da. Baina laster, giro kontserbatzaile hori utzi eta beste idazle multzo batekin batera Maiatz aldizkari literario berriaren abenturari hasiera emango dio. Aldizkari berri hau Hegoaldeko Trantsizio garaieko Pott, Oh Euzkadi eta enparauen ildo beretik doa puntu askotan : literaturan espezializatzeko xedea, literatur erreferentzia unibertsalak (nazioartekoak) gurera ekartzeko asmoa, etb. Halere, Maiatzekoek, orohar, Iparraldeko hizkera literarioari eutsiko diote (nahiz egia den Hegoaldeko idazleek ere aldizkariaren orrialdeak beti zabalik izango dituztela baita euskara batuan idatzi gogo dutenek ere). Laburbiltzeko, Maiatz hurbilxeago legoke belaunaldi iraultza batetik sistema aldatzeko iraultzatik baino. Itxaro Borda ez da baina horretan geratuko. Bere burua periferikoegi ikusten bide du Iparraldeko idazle eta behar bada emazte gisa ere (bere ibilbidearen hastapenetik Euskal Herri osoaren mailan pentsatzen duelako bere tokia), eta 1984ean Basilika eleberri satiriko-polemikoarekin bere periferikotasunetik ateratzeko lehen saio serioa burutuko du. Jakina,Basilika eleberriak belaunaldi iraultzarekin zerikusia izaten jarraitzen du, bere eduki ideologiko-erreferentziala aurreko belaunaldien aurkako eraso bortitza baita (elizkoikeriaren kritika, rock kultura gaztearen aldarrikapena, Iparraldeko notable kulturalen karikatura erasokorra). Halere, ez da horretara mugatzen eleberritxo honen ekarpen iraultzailea. Bere egituraketan eta barne-hierarkian ondo baino hobeto gakotua ikusten duen Iparraldeko azpi-sistema literarioa korto-zirkuitatzeko ahalegina da Basilika batez ere. Ordurarte ez bezala euskara batuan idatziz, Itxaro Bordak Iparraldeko azpi-sistemaren legitimitatea bera dudan jarri eta Iparraldeko idazleentzat euskal sistema orokorretik idazteko eskubidea aldarrikatzen du. Ikuspuntu honetatik, esan daiteke sistema bera aldatzeko iraultza egiten saiatzen dela idazle baxe-nafartarra. Ez da uste behar, haatik, hau egiten lehena izan denik Itxaro Borda. Aitzindari entzutetsu eta garrantzitsurik izan izan du horretan.

Gune baten dominaziotik ihes egiteko, edo menpekotasuna saihesteko modu oso eraginkor bat bada eta honetan datza : sistematik ihes egitea sistema azkarrago batera jauzi eginez. Hau da Atxaga batek orain dela hamabost urte egin zuena gazteleraz idazten hasiz eta idazle espainol izaera eskuratuz (bere testuen itzulpenak beste norbaitek egingo balitu ez litzateke idazle espainola, baizik eta gure sistemako autore exportatua). Eta hau bera egin zuten Mirande eta Peillen bezalako zuberotarrek orain dela ia 50 urte batuera aukeratuz eta euskal sistemara salto eginez nafar-lapurteraren menpe zegoen Iparraldeko azpi-sistema atzean utziz. Jokamolde hau da, hain zuzen, Itxaro Bordak Basilika izeneko eleberria euskara batuaz idatzi eta plazaratu zuenean bereganatu zuena.

Arazoa da Mirande bat euskal literatur sistema egituratzen ari zen unean iritsi zela eta egituraketa horretan zuzenean esku hartu zuela. Euskara batua objektu teoriko hutsa zen garaiean hasi zen Mirande bere testuak ekoizten eta, neurri batean, Mirande eta bere belaunkide ziren idazle taldexka batek (heterodoxoen taldexkak) sortu zuten sistemaren guneko bihurtuko zen hizkera literarioa. Aldiz, Borda gure literatur sistema nazionalaren oholtzara igotzen den unean gauzak nahiko egituratuta daude. Euskara batuak baditu jada bere klasikoak, Donostia bereganatzen hasia da hiriburu izateko ondare sinbolikoa eta horrek guztiak zera dakar, zaila dela, gunean jatorrizkoa ez den idazle hasi berri batentzat guneko gotorlekura sartzea. Itxaro Bordak ez du lortuko beraz, bere lehen etapa horretan euskal sisteman eskuratu nahi lukeen tokia. Hau da, ez da iritsiko garaikide dituen Hegoaldeko idazleen parera.

Itxaro Bordaren lehen xedea beraz (Basilika batueraz idatzi eta Hegoaldean argitaratu zuen unekoa) bikoitza zen : batueraz eta Donostia hiriburu zuela garatzen ari zen euskal sistemaren gunera asimilatzen saiatuz Iparraldean gazte eta emazte modura pairatzen zuen periferikotasuna gainditzen saiatu zen. Noski, Iparraldeko azpi-sistemak ez zion (eta hein batean oraindik ere ez dio) barkatu erasoa. Izan ere, Iparraldeko azpi-sistemaren negazioa edo auto-suntsiketarako deia baitzen Basilika. Hortik ondoko urteetan pairatu zuen bazterketa erabatekoa. Berak aitorturik dakigu Iparraldean erotzat zeukatela.

Parisen urte batzuk bizitzen eman ostean (postari gisa bertan lana aurkitu zuen), hamar bat urte geroago Itxaro Borda asmo literario berri batzuekin itzuliko da. Bere idazle ibilbidearen laugarren etapa da, beraz, Bakean ützi arte eleberriarekin hasten dena. Etaparik interesgarriena, dudarik gabe, benetan originala bihurtzen delako Itxaro Borda, ordurarte existitzen ez zen posizioa asmatuz.

Itxaro Bordaren asmoa, pentalogia bat egitea da (bost eleberriz osaturiko obra Amaia Ezpeldoi detektibe lesbianoa –edo bisexuala ?– delarik lotura egingo duena) euskal sistemaren periferiatik guneraino joanez, bai tematikoki, bai linguistikoki. Lehen atala –Bakean ützi arte– Xiberuan kokatzen da eta zubereraz idatzita dago. Bigarrena –Bizi nizano munduan– Baxe-Nafarroan kokatzen da eta osoki dago idatzia euskalki horretan. Hirugarrena –Amorezko pena baño– Nafarroako Erribera eskualde deseuskaldunduan kokatzen da eta nagusiki baxe-nafarreraz idatzita dago. Laugarrena Bilbon edo Araban kokatuko duela iragartzen du, eta azkena « erdigunean », alegia Donostian. Autorearen asmoa, prentsan adierazi zuenez, periferiaz periferia bostgarren atalerako Donostiaraino –hots, guneraino– iristea zen. Baina, badirudi, eta nik uste zerbaiten sintoma dela, bertan behera utzi duela xedea gunerantz hurbildu ahala. Ezinezkoa balitzaio bezala gunera iristea. Proiektu erdi-hilaurtua izanik ere, nik uste azken urteotako xederik originaletakoena dela Itxaro Bordak planifikatutako hau. Sistema osoa (periferia + gunea) besarkatzeko ezinezko ahalegin honek zera suposatzen baitu, euskal sistemaren funtzionamendua bera aldatzeko asmoa. Periferiak gunera ekarriz (zeren ez dezagun ahantz euskal literatur sisteman nahiko zentrala den Susa argitaletxearen eskutik plazaratu direla lehen hiru atalak) eta nabarmenduz, Itxaro Bordak sistema ikusteko modu alternatiboa proposatzen du, utopikoa, berdintasun harremanean oinarritua (zergatik da gunea gune eta periferia perfieria ? galdetzen du Bordak pentalogia honen bitartez). Baina, aurreko etapan ez bezala, gunera asimilatzen saiatzeko ordez bere izaera periferikoa nabarmendu egingo du (batuera baztertuz eta euskalki periferikoak aldarrikatuz, bereziki berea, nafar-lapurtera, baina baita Iparraldeko azpi-sistemaren barruan periferikoa den zuberera argitara ekarriz). Beraz, ez da ulertu behar Iparraldeko esparrura itzultzeko atzerapausu modura, baizik eta –oraingoan bere jatorrizko periferikotasuna asumiturik– periferia eta gunearen arteko harreman hierarkikoak kordokarazteko xede txit anbiziotsua bezala.

Iparraldeko azpi-sistema, halere, Bordak inarrosten edo astintzen jarraitzen du, baina beste modu batera, bere inertzia salatuz eta hizkera berri bat proposatuz. Alde horretatik, euskalkietara itzultzea ez da, Bordaren kasuan joera kontserbatzaile edo atzerakoi gisa ulertu behar, baizik eta, berriro ere, Iparraldeko azpi-sistema iraultzeko xede gisa. Beraz, bi aldiz da periferiko Borda : batetik, euskal sistemaren gune diren batuera eta Donostiaren dominazioa salatzen dituelako (euskalki dominatuetan idatziz, gainera) ; bestetik, Iparraldeko azpi-sistemaren gunean dagoen eta Herria aldizkari kontserbatzaileak sinbolizatzen duen nafar-lapurtera literario ortodoxoaren kontra doan hizkera literario berri bat asmatuz.

Zein den hizkera literario berri hori ? Bada, nafar-lapurtera izaten jarraitzen du, baina baditu zenbait ezaugarri tradizio literario horrekiko haustura egiten dutenak : frantses maileguari beldurrik eza, egunerokotasunari lotutako mintzamoldeak eta erreferentziak erabiltzeko joera, eta orokorki harturik, garbizaletasun edo homogeneitaterik eza.

Bi galdera airean geratzen dira orain. Lehenik, nola esplikatu duela bi urteko Itxaro Bordaren Euskadi saria (saria ez al da, eskuarki, guneak guneari ematen dion zerbait, ez al da definizioz autozelebrazio bat) ? Eta bigarrenik, zergatik jarraitu esaten Itxaro Borda nazionalki sarituak, Iparraldeko azpi-sisteman, periferikoa izaten jarraitzen duela?

Lehen galderak badu bere azalpen logikoa. Izan ere, jakin behar da, paradoxikoa badirudi ere, guneak beti behar duela bere ondoan (edo bazterrean, hobeto esateko) periferien presentzia. Periferiek ez diote, uste denaren aurka, guneari enbarazu egiten. Aitzitik, guneak gune izateko eta izaten segitzeko zerbaiten gune izan behar du eta hortaz, ezinbestekoa zaio bere inguruan periferia bat mantentzea (« mantendu » hitzaren zentzu guztietan : finantzatu, iraunarazi). Gainera gunea zer da? Gunea, ikuspegi historiko batetik begiratuta, beste gune potentzialak garaitu dituen periferia ohia da. Literatur sistema frantsesak literatur sistema frakonfono periferikoen beharra duen bezala, zerbaiten gune sentitzeko, bada, euskal literatur sistemak ere behar-beharrezkoak ditu Bizakiko azpi-sistema ala Iparraldekoa gune sentitzeko. Horregatik, guneari enbarazu egiten diona, egitekotan, ez da idazle periferikoa, baizik eta gunea inoratzen duena. Horregatik, Borda baten periferikotasun arbuiatzaile, aldarrikatzaile eta iraultzailea beharrezkoa du euskal literatur sistemak, kontestazioak berak bere zentraltasuna oroitarazten diolako guneari. Bere periferikotasun erradikalean Itxaro Borda guneaz gehien preokupatzen den Iparraldeko idazlea da, hots, euskal sistema etengabe gogoan duela idazten duen norbait da, eta hori da euskal sistemak saritu duena.

Bigarren galderari erantzutea falta da orain. Zergatik, Euskadi saria sakelan duelarik, esan daiteke oraindik ere Itxaro Borda Iparraldeko azpi-sisteman periferikoa dela? Nik uste arrazoia literatur sistematik at dagoela. Hizkera literario aldaketek iraultza sinbolikoa egiteko balio dute, baina iraultzak arrakasta izan dezan (hau da, hizkera berria gune bihurtu dadin indarrean zegoen zaharra ordezkatuz) aldaketa soziolinguistiko batekin kointziditu behar du. Hots, hizkera aldaketak ezin dira joan gizartea ez doan aldera. Nola edo hala konektaturik egon behar dira, nahiz posible den idazleak aldaketan aitzindari izatea (Mirande, Aresti eta Txillardegirekin gertatu zenez). Deskonexio edo desinkronizazio hori da, adibidez, Lizardi eta Lauaxetak pairatu zutena : beraien aukera linguistiko-literarioetan aitzindari izan ziren eta elite hertsi batek segituan ezagupena eman bazien ere, gerora elite hori bera damutu egin zen (gauza ezaguna da Aitzol bera izan zela saritu ondoren bi idazleok baztertu zituena). Eta okerragoa dena, etorkizun urrunagoan garaitzeko esperantza ere gerrak eraman zuen. Izan ere, gerraurreko testuinguru itxaropentsuan pentsa bazitekeen, denborarekin eta hasiberria zen alfabetizazioaren poderioz Lizardi batek edo Lauaxetak erabilitako euskara mota pixkanaka nagusitzen joango zela, aukera hori guztiz zapuztu zen frankismoaren etorrerak dena hankaz gora utzi zuenean. Horregatik, Lizardi eta Lauxaetaren hapax literarioak irakurtzen jarraitzen dugu, beren berezko kalitateagatik (eta suposatu zuten ahalegin sinbolikoagatik), baina iraultza literario hura hilaurtua geratu zen eta ez du gaur inork beraiek bezala idazten (ezta bururatu ere !). Aldiz, ñabardurak ñabardura eta salbuespenak salbuespen, denok idazten dugu Mirande, Aresti eta Txillardegik bezala, beraien oinordeko linguistikoak garelako eta geroago soziologikoki gauzatzera iritsi zen iraultza baten aitzindari izan zirelako. Hezkuntza elebidunaren hedatzeak (Trantsizio garaietik aurrera) heterodoxoen hizkera literario berria kontsumitzeko gai ziren irakurleak ugaldu zituen. Halere, zoriona ez baita inoiz erabatekoa, esan beharra dago eredu literario horren fruiturik gozoenak hurrengo belaunaldiak (Autonomiaren belaunaldiak : Atxaga, Sarrionaindia etabarrek) ahoratu zituela.

Tamalez, nire uste edo beldurra da Itxaro Bordari ere beren garaiean Lizardi eta Lauxaetari gertatutakoa gertatuko zaiola. Hots, ez dela inoiz sortuko irakurle belaunaldi aski kopurutsurik berak darabilen hizkera mota ulertuko edo gozatuko duenik. Elite bat bada, noski, dagoeneko bere testuen zaporea dastatzeko gai dena, baina Iparraldeko egoera soziolinguistikoak ez du deus onik iragartzen. Populakuntzaren maila linguistikoa abiada bizian behera doa. Adin bateko belaunaldiek Daniel Landarten tankerako idazleak irakurtzen jarraitzen dute (enpatia estetiko-ideologikoan daudelako berarekin) eta belaunaldi gazteek behar bada ideologikoki hurbiltasun handiagoa sentitzen badute ere Itxaro Borda edo Antton Luku bezalako idazleekiko errazagoa dute oraindik ere, gaitasun linguistikoari dagokionez, Herria-ko hizkera literario eredua irakurtzea. Egoera horrek, nire iduriko, kalte egiten dio Iparraldeko azpi-sistema literarioari, zeren sinkronizazioa galtzen ari baita literatur bizitza eta egoera sozio-linguistikoaren artean. « Azken mohikanoaren sindromeak » jo dezake Borda eta horren froga kezkagarria litzateke (baieztatzeke geratzen den hipotesia) bere liburuak proportzioan gehiago irakurriak direla Hegoaldean Iparraldean baino. Deseperazio horren ondorio litzateke azken aldion Bordak egindako azken saioa –bere bostgarren etapa suposatuko lukeena: bere azken obra frantsesez berridatzi eta argitaratu baitu berriki euskara ez dakien Iparraldeko irakurleria gero eta zabalagoarentzat.

Ur Apalategi

© 2024 Bilbo Zaharra Euskaltegia | Eskubide guztiak gordeta |

Log in with your credentials

Forgot your details?