METAMORFOSIA 100 URTE

Kafkaren Metamorfosia lanak eragin handia izan du XX. mendean zehar eta ondorengo istorioa kontatzen digu: Gregorio Samsa izeneko gazteak, goizean esnatzerakoan, intsektu bihurtu dela ikusten du. Animalia hauekin gertatzen ohi denez, berarekin akabatzea da inguruko pertsona gehienek egin nahi dutena; ez dute inolako errukirik. Hau da nobelaren abiapuntua. Protagonistak bere inguruko gizartearen ulertezintasuna jasan behar du, bere gorputzean eman den aldaketa dela eta. Baina, intsektu bihurtu den arren, Gregoriok gizakien buru-argitasuna mantentzen du. Hala ere, bere logelatik irten barik bizi beharko da eta ez du inolako laguntzarik jasoko ez bere familiaren aldetik (arreba izan ezik) ezta gizarteko beste pertsona batzuen aldetik ere (laneko nagusia, esaterako). Lan honek bizitzako alderdi guztiz pesimista erakusten digu Gregoriok ez baitu inolako laguntzarik jasotzen bizitzan aurrera egin ahal izateko eta ez da bere kabuz aurrera jarraitzeko gai. Gizarteak bizkarra eman dio eta ez dago egoera hori hobetu dezakeenik.

Itzulpenaren garrantziaz

Euskal idazlerik bada idazkintzaz hitz egiteko gai, Anjel Lertxundi da horietako bat, duda izpirik gabe. Horra, Senez aldizkarian itzulpenaren garrantziaz jaulki dituenak:

“Bada elementu bat dexente kezkatzen nauena: gure kultur hizkuntzak beste batzuk izanda —neurri handi batean—, konturatu gabe, etengabe garela itzultzaile. Eta hizkuntza bakar jakin batetik jeneralean. Eta orduan, bere hizkuntzan —literatur tresna duen hizkuntzan— idazten duenean, askotan erabat subkonszienteki bada ere, itzulpena egiten ari dela euskal idazlea.

Adibidez: “esan zuen”, “adierazi zuen”… eta hortik irten ezina; ez berak eta ez euskal literaturak ere ez dituelako gehiegi garatu topikeria horiek. Non garatzen dira, non garatuko ditugu halakoak, eta non garatu da batez ere topikeria hori? Dudarik ez dago: itzulpenetan. Eta hor bilatu behar dira; hor bilatzen ditut nik behintzat baliapide berriak…

Bi idazle klase daude niretzako, oso garbi —eta idazle onen artean, noski, idazle txarrak alde batera utzita—: esan nahi dutena eta esaten dutena sarri bide desberdinetatik doazenak —eta irakurleak eduki behar du abileziarik aski jakiteko halako autoreak badakit hau esan nahi duela, nahiz eta testuan ez duen esaten—; eta esaten dutena eta esan nahi dutena batera doazenak. Horrek zer esan nahi du? Batzuengan zehaztasuna dagoela, eta tresnarekiko, hizkuntzarekiko, fideltasun zorrotz bat, eta beste batzuengan ez dagoela zer hori… edo tresna menderatzen ez delako behar bezala, edo tresnarekiko ez dagoelako halako begirune handirik.

Oso baldar eta oso azkar esateko —jeneralizazioek duten arrisku guztiarekin—: liburu bat irakurtzen hasi euskaraz gaur, euskal idazle batena, eta esan dezaket nor aritua den itzulpenetan eta nor ez. Hori uste dut oso erraz nabarmen daitekeela. Orohar, behintzat.”


© 2024 Bilbo Zaharra Euskaltegia | Eskubide guztiak gordeta |

Log in with your credentials

or    

Forgot your details?

Create Account