“Kristalezko begi bat: egungo literaturaren ikur”

Kristala material hauskorra dugu. Hauskorra dugu, halaber, liburuan ageri zaigun emakumea. Kasik kristalezkoa:

Berrogeita zortzi urte ditut, eta jendemodu gehienak bezala, hainbat galerari aurre egin behar izan diot. Horregatik ekin diot testu hau idazteari. Uste dut lehen pertsonan emateak eragotzi egingo diola denborari nire memoria guztiz jatea. Neuretzat idazten ari naiz, beraz, baina zeuretzat ere bai akaso, akaso zeu ere bazarelako maitasunak jo eta egundo akabatu ez duen norbait

Horrelaxe aurkezten zaigu gure aurrean protagonista. Hain zuzen, 48 urte zituen Miren Agur Meabek narrazioa kokatu zuen garaian (2011. urteko irailean), eta liburuko beste pasarte batzuen atzean ere haren figura antzeman dezakegu: protagonistari ezkerreko begia erauzi zioten, Lekeitio eta Bilbo artean bizi da, urriaren 7an jaio zen… Erratuko ginateke, hala ere, obra auto-fikzio hutsean kokatuko bagenu:

“Abiapuntu esperientzia errealak izan arren, kontakizuna itxuratu eta moldatu egin da, zati batzuk asmatu, simulatu… Gakoa ez da errealitatearekiko leialtasuna, baizik eta errealitatearen mimesia. Laburrean esateko, pertsonaia ni naiz, baina ez naiz beti ni, eta ez dauka, edo nire naizenean, nire antza estiloan jokatzen du”

Egileak auto-imitazioa generoa erabili du liburua sailkatzeko. Termino horri egokiagoa deritzo auto-fikzio hedatuagori baino. Edozein kasutan, narrazioko protagonista Miren Agur Meabe da eta, aldi berean, ez da bera:

“Baliteke idazki honi eguneroko intimo baten kutsua hartzea. Horrek baditu bere arriskuak, eta izango ditu bere ondorioak. Ezen eta bihurtu pertsonaia ere naiz orriotan, ezinbestean: ni neu izanik, ez naiz neu erabat (nahita edo nahi gabe). Horra hor autoimitazioaren mugak eta onurak

Katixa Agirrek, bien bitartean, life writing generoan kokatu zuen liburua:

“Life writinga genero zabala da, eskuarki, norberaren bizitza gunetzat hartuta idazten den edozer gauza bil dezakeena: autobiografiak, memoriak, saiakera pertsonala, egunerokoak, testimonioak, gutunak, bidaia-liburuak, blogak…”

Eta, artikulu berean aurrerago:

“Hau guztia gogora ekarri dut nire eskuetan euskal letretan life writingari estatus berri bat emango dion liburua jausi delako. Ez da lehenengoa, baina bai inportanteena. Mugarri bat. Izana baduenez, izena ere jarri beharko genioke genero edo korronte berri honi, ezer baino lehen: bizidazketa?”

Izan ere, Miren Agur Meabe bide beretik, XXI. mende hasieran ugaldu egin zen literatura-genero hori euskal letretan (bakoitzak erabaki dezala izena: autofikzioa, bizidazketa, autoimitazioa). Aipatutako generoaren adibide ditugu, besteak beste: Bilbao-New York- Bilbao (Kirmen Uribe, 2008), Mea culpa (Uxue Apaolaza, 2011), Beltzuria (Ixiar Rozas, 2014), Erraiak (Danele Sarriugarte, 2014).

Zerrendari erreparatuta berehala ohartuko gara emakume askok idatzi dutela literatura molde horretan. Eta, horixe izan da, hain zuzen ere, euskal literaturan azken boladan eman den fenomeno inportanteenetakoa. Literaturaren feminizazioa. Joseba Sarrionandiaren hitzetan:

“XXI. mendearen hasieran, emakumeak heldu dira, barbaroak, Miren Agur Meabe eta Eider Rodriguez, Uxue Alberdi eta Alaine Agirre, bueno, esan ditzakedanak baino gehiago dira, barbaroak tropelean etortzen direlako. Lotsarik gabe aldatu dituzte gaiak, gizonezko idazleek armairuan gordetzen genituen intimitateak aireratuz

 

Kristalezko begi bat liburuan antzeman egiten dugu emakume izatearen kontzientzia eta gainontzeko emakumeekiko konplizitatea. Urrutira joan beharrik gabe, dedikatorian bertan: Nire neska lagunei. Liburu honekin eman zuen profesionalizaziorako jauzia egileak:

“Aurki dator urtebete lanean kontua eskatu nuela. Ez zen nire tokia engoitik. Egun osoko idazlea naiz estrainekoz. Enkarguzko lanak zertuz ateratzen dut bizibidea”

Pauso esanguratsua, ezbairik gabe, ordura arte oso gutxi baitziren–denak edota ia denak gizonak– Euskal Herrian idaztetik bizi ziren autoreak. Ibon Egaña kritikariak dioenez:

“Beharbada ez da gehiegikeria esatea Bernardo Atxagarekin euskal idazlea jaio bazen (elipsiz, gizona zena), figura gisa, hogeita bost urte beranduago, Miren Agur Meaberekin euskal emakume idazlea jaio zela

Lehen euskal emakume idazletzat hartu zein ez, aldaketa baten ikur dugu Miren Agur Meabe: auto-fikzioa (auto-imitazioa, nahiago bada) gailendu den garaiko ikur eta emakume idazleek protagonismoa eskuratu duen belaunaldikoa. Horren guztiaren  erakusgarri ezin hobea dugu Kristalezko begi bat.

Amaitzeko: iaz Martutene obrarekin euskal literaturaren urrezko belaunaldiari egin genion aitortza, eta oraingoan, haren ostean etorri den belaunaldiari. Egungo belaunaldiari, hain justu.

© 2024 Bilbo Zaharra Euskaltegia | Eskubide guztiak gordeta |

Log in with your credentials

or    

Forgot your details?

Create Account