Gabriel Aresti Segurola (Bilbo, Bizkaia, 1933 urriaren 14a – Bilbo 1975 ekainaren 5a) euskal idazlea eta poeta izan zen, XX. mendeko euskal literaturaren berritzaileetako bat.

Gurasoak baserritar jatorriko “euskaldun galduak” zituen eta 12 urterekin hasi zen euskalduntzen: “Egondu nintzen ordu luzeak euskal liburuen ganean, izaera berbakintzea geureak estudietan”.1954an, 21 urte zituela argitaratu zituen bere lehen poemak eta 10 urte geroago,1964an bere lanik esanguratsuena eman zuen argitara Zarauzko Itxaropena Argitaletxearekin: “Harri eta herri“. La Tertulia de la Concordia deituriko bilgunean Blas de Otero eta Gabriel Zelaia poetak izan zituen solaskide eta bere poesiagintzan erreferentzia nagusi bihurtu ziren, Espainiako Antonio Machado bezalakoekin batera, eta eragin horiek poesia sozialaren bideak harrarazi zizkioten: Arestirentzat, literatura oro da soziala. Poesia herriaren kontzientzia pizteko arma baliagarria dela eta literatura gizartea aldatzeko gai dela uste osoa zuen: Esanen dute / hau /poesia / eztela,/ baina nik / esanen diet / poesia / mailu bat/ dela (“Poesia”, 1963).

Literaturako genero guztiak jorratu zituen: poesia, narrazioa, teatroa eta saiakera. Kriseilu antzerki taldearekin elkarlanean, euskal teatro berriaren aitaponteko izan zen.

Itzultzaile bikaina zen. Literatura unibertsaleko hainbat lan euskarara itzuli zituen, besteak beste T. S. Elliot, Bocaccio, James Joyce eta Bertold Brecht. Aresti, galiziar intelektual batzuen lagun mina zen eta hartu-eman estuak izan zituen Bilboko galiziar komunitatearekin, hango “Centro Gallego”-ko ohiko bezeroa izaki. Hori zela eta, Federico García Lorcak galizieraz idatzitako poemak, Castelaoren “Nós” albuma eta Valle-Inclánen gaztelaniazko “Divinas Palabras” euskaratu zituen. Guardia Zibilak, haren etxean egindako miaketa batean, James Joyceren Ulises eleberri erraldoiaren itzulpen esku izkribatua konfiskatu omen zion; paper-sorta hartaz ez da ezer gehiago jakin

.

1957an Euskaltzaindiako urgazle izendatu zuten. Aldi berri baten barruan, euskara batuaren gurasoen artean koka dezakegu, Koldo Mitxelena, Fr. Luis Villasante eta Txilardegi euskalariekin batera. Hasiera haietan euskal idazleek erabili zutenEuskara Batuaren Kutxa bezalako lanen egilea izan zen, batasunaren hastapenetan hiztegi eta morfologia batu bat proposatu zituela. Gai horren harira, garai hartako eztabaida gogorretan parte hartu zuen, euskara batuaren aurka zein alde zeudenekin.

Ideologiari dagokionez, Arestiren kezkak esparru sozial eta nazionalaren artean banatzen ziren eta Euskadiko Alderdi Komunistaren inguruan ibili omen zen. Edonola ere, ez zen inoiz inongo alderdi politikotako militante izan eta jende askorentzat deserosoa zen pentsaera independente eta polemikoa mantendu zuen heriotzara arte. Ezin eraman zezakeen Bilboko burges jeltzale erdaldunen itxurakeria eta langile maketoen giroan askoz gusturago sentitu zen. Beti unibertsalismoa eta bertako euskal sentimendua uztartu nahian, kritikak eta erasoak alde guztietatik jasan behar izan zituen: Ezkerretik “burges txikitzat” hartzen zuten bitartean, nazionalista batzuek españolista zelako zurrumurrua zabaldu zuten. Garai hartan eladioak bezala ezagutuek, ELA sindikatuko sektoreek, boikoterako deialdiak egin zituzten Arestik eta Oskorri taldeak elkarlanean egiten zituzten musika-saioen aurka. Artikulu eta gutunen bitartez, 60-70. hamarkadetako euskal intelektual nagusi guztiekin izan zuen iskanbila dialektikoren bat edo beste.

Poeta sozial eta iraultzaile bezala definitu dute, eta poeta hiritar ere bai. Sarritan esan izan da, Bilbo hiria euskararen mapan kokatzea Arestiri zor diogula. Hain zuzen ere, 50-60. hamarkadetako Bilbo industrial hura biziki presente egon da haren lanean; bera bizi izandako langileen auzoak: Zorrotza eta Basurtu. Azken auzo horretakoa da Amelia Esteban haren emaztea, “Melitxu”, Leondik etorritako familiakoa.Bi aro bereiz daitezke haren lanean:1975eko ekainaren 5ean gazte eta etorkizunez beteta hil zen, 41 urterekin gibeleko eritasunak jota.

  • Aro sinbolista (1954-1961). Maldan behera poema, argi-ilunez iritsi zaigun mintzoa da; argi antsiak ez dira ilunpe eta itzaletatik bereizten.
  • Aro soziala (1974-1975. Ez dago ilunperik. Malda beherako laino eta itzalak argi bortitz eta kolore bakaneko mintzo bilakatzen dira. Giza arazoen isla eta injustizien salaketa minbera da aro honetako lanetan ageri dena. Harria da erabiltzen den irudia: “Harri eta herri” (1964), “Euskal Harria” (1967), “Harrizko Herri hau” (1970), “Azken Harria” (1976) (hil ondoren argitaratua).

Iritzi kritikoa

Bernardo Atxagak adierazi zuenez, Arestiren funtsezko iturria Biblia da.

Adituen iritzira, T. S. Eliot estatubatuar poetaren eragina nabaria da Arestiren lehen poeman. Gizaki modernoaren irudi triste eta zibilizazioaren deskalabruaren adierazpena litzateke Maldan behera. Gizakiak zibilizazioaren aurrean egiten duen ibilbidearen kontaketa sinbolikoa da.

  • Aro soziala deitzen deneko lanek gizarteko arazo gordinak adierazten dituzte. Kale gorriko arazo arruntak eta euskararen kezka bizia nabariak dira.
  • Garbizaletasunaren aurka, herri-hizkeraren aldeko konpromisoa.
  • Neurri tradizionalekin batera, bertso libreari ere ematen dio bide.
  • Bertsolaritza, kopla zahar eta herri-kantuen bidez, herritarrek errazago ulertzeko moduko olerki mota.
  • Euskara batuaren aldeko apustu tinkoa: eskolaren bidez, euskal irakurleengana iristeko ezinbesteko bidea baita.
  • Harria eta arbola Euskal Herriaren sinbolo bihurtzen ditu, Oteizak bezala.
  • Olerkariari garai zailetan kontzientzia-iraultzaile izatea dagokio. Mandatu bat du olerkiak: gizartean eragiteko eginkizuna, sasoi hartako erlijioaren eta abertzaltasun tradizionalaren aurka.
  • Gune poetiko berriak eskaini nahi dizkio Euskal Herriari: mendi-kaskoen eta erreka-zokoen edo udaberriaren ederra baztertu gabe, lanaren, izerdiaren eta mailuaren hotsaren poetikotasuna erakutsiz.

Lanal

  • Hainbat artikulu prentsan, bereziki Zeruko Argia eta Anaitasuna aldizkarietan.
  • Harri eta herri, Zarautz, Itxaropena, 1964.
  • Euskal elerti 69, Donostia, Lur, 1969.
  • Batasunaren kutxa, Donostia, Lur, 1970.
  • Cuarenta poemas, Madril, Helios, 1970. Barruan Nire aitaren etxea defendituko dut, poema ospetsua dago.
  • Harrizko Herri Hau, Donostia, Lur, 1970.
  • Kaniko eta Beltxitina, Donostia, Lur, 1971.
  • Lau teatro arestiar, Donostia, Lur, 1973.
  • Hiztegi tipia, Donostia, Lur, 1973.
  • Aurtengo zenbait berri, Donostia, Lur, 1973.
  • Obra guztiak, Donostia, Kriseilu, 1976.
  • Lehen poesiak, Susa, 1986.
  • Euskal harria,  Susa, 1986.
  • Poesia argitaragabea. Azken poesia, Susa, 1986.
  • Narratiba, Susa, 1986.
  • Antzerkia, Susa, 1986.
  • Itzulpenak 1, Susa, 1986.
  • Itzulpenak 2, Susa, 1986.
  • Artikuluak. Hitzaldiak. Gutunak, Susa, 1986.

Bere lanen artean, kantetarako nahita egindako hitzak idatzi zituen, gehienak Oskorri taldearekin elkarlanean eginak. Talde horrek disko bat atera zuen Gabriel Arestiren omenez izenarekin, idazlearen poema musikatuez osatua. Horietako asko herri-kantu bihurtu dira:

  • Gora ta gora beti.
  • Egun da Santimamiña.
  • Furra furra.
  • San Simon eta San Juda, Xabier Letek kantatua.
© 2024 Bilbo Zaharra Euskaltegia | Eskubide guztiak gordeta |

Log in with your credentials

or    

Forgot your details?

Create Account