Kirmen Uribe

Kirmen Uribe Urbieta (Ondarroa, Bizkaia, 1970eko urriaren 5a) euskal idazlea da. Olerkia, narratiba zein haur eta gazte literatura landu ditu, eta bere lanetako askok nazioarteko oihartzuna izan dute.

2008an, Espainiako Kritika Saria Euskarazko nobelaren alorrean jaso zuen Bilbao-New York-Bilbao nobelarengatik eta 2009ko urrian, Espainiako Narratiba Sari Nazionala liburu beragatik. 2023an Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitate, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria eskuratu zuen “Nazioartean arrakasta handia izan duen bere sormen lan bikainari esker”.

Aita arrantzalea zuen, aitona eta birraitona bezala, eta Kirmen ikastera bultzatu zuen beste bizitza mota bat izan zezan. Amak bilakaera ideologikoa garatu zuen bere bizitzan zehar, oinarrizko kristau elkarteetan parte hartzetik agnostiko bihurtu zen, gero eta aurrerakoiagoa, eta aldaketa horiek urte gutxiren buruan bizi izan zituen, 60 eta 70 urteen artean. Ama eta izebak, kontserba fabriketako langileak, bigarren feminismokoak izan ziren, eta giro feminista horretan hazi zen etxean.

Gaztetxotan poesia irakurle sutsua izan zen, Leonard Cohen, Dylan Thomas, Lorca, eta abarren poesia irakurtzen zuen, Kirmenen lehen poemak 14-15 urte zituenekoak dira, hain zuzen. Nobelak ere eragin zion, klasikoak lehenik eta errealismo zikinak gero.

Euskal Herriko Unibertsitatean Euskal Filologia ikasi zuen Gasteizen eta Literatura Konparatuko graduondoko ikasketak egin zituen Trenton (Italia). Intsumiso agertzeagatik kartzelan zegoela jaso zuen 1995 urtean lehenengo literatur sari handia: Becerro de Bengoa Saiakera Saria, Jon Elordirekin batera moldatu zuen Lizardi eta erotismoa lanagatik.

Hainbat urtez Gasteizen bizi ostean, egun New Yorken bizi da.

Literatur ibilbidea

Olerkia eta multimediak

Musika taldeentzako letrak eta komiki gidoiak idazten hasi zen. 1996an Lizardi eta erotismoa estudioa argitaratu zuen, Lizardiren poetikari buruzko saiakera, Jon Elordirekin elkarlanean egina. Ondoren, bere lehen poema bilduma argitaratu zuen, ‘plaquette’ gisa, Ekografia izenekoa. 2000tik aurrera, Sautrela literaturari buruzko telebistako saioako gidoilari gisa lan egin du.

Jon Kortazar kritikariaren aburuz, Kirmen Uriberen Bitartean heldu eskutik (2001) poema-liburuaren agerpena “iraultza lasaia” izan zen euskal literaturaren munduan. Kritika Saria Euskarazko Poesiari lortu zuen eta lehenengo edizioa hilabete batean agortu zen. Liburua gaztelaniara (2003), frantsesera (2006), ingelesera (2007), katalanera (2007) eta errusiera (2007) itzuli zen. Elizabeth Macklin idazle estatubatuarrak euskaratik zuzenean egin zuen ingeleserako itzulpena. Lehen aldia zen euskaratik zuzenean itzulitako testu bat Amerikako Estatu Batuetako argitaletxe komertzial batean agertzen zena. Liburua finalista geratu zen 2007an Estatu Batuetan argitaratutako poesia itzulpen onenaren sarian (PEN Award for Poetry in Translation). Uribek literatura bestelako arteekin uztartzen dituzten hainbat ikuskizunetan hartu du parte. 2000 urtean Bar Puerto jarri zuen abian Mikel Urdangarin eta Josu Eizagirrerekin batera. Taula gainean poesia, musika, bideoa eta ahozko historia biltzen ziren, errepide bat egiteko bota zuten auzo zahar bateko biztanleen bizipenak kontatzeko.

2003an Zaharregia, txikiegia agian (Gaztelupeko hotsak) CD-liburua argitaratu zuen Mikel Urdangarin, Bingen Mendizabal eta Rafa Rueda musikariak eta Mikel Valverde ilustratzailearekin batera. Urte berean New Yorken eman zituzten errezital batzuen ondorioz sortu zen lana, eta izenburuak euskarari buruz egiten du galdera, ea gure hizkuntza ez ote den zaharregia eta txikiegia globalizazioaren garaietarako. Arkaitz Basterra zinegileak gian izeneko dokumentala grabatu zuen taldearen ibilbidean oinarrituz. Agian 2006ko Donostiako Zinemaldian estreinatu zen. Bitartean heldu eskutik liburuaren frantseserako itzulpena zela eta, Entre-temps donne moi la main izeneko ikuskizuna sortu zuen 2006an Francois Mouget Bordeleko dramaturgoarekin batera.

2013an esperientzia errepikatu zuen Mikel Urdangarin, Rafa Rueda, Bingen Mendizabal eta Mikel Valverderekin batera, New Yorken aurkeztu zen literatura, musika eta marrazkia uztartzen dituen proiektu bat sortuz, Jainko txiki eta jostalari hura (Elkar).

Idazle lanetan aritzeaz gain, irakasle, gidoilari eta Raymond Carver, Sylvia Plath, Anne Sexton, Mahmud Darwish eta Wislawa Szymborska idazleen olerkien itzultzaile izan da Kirmen Uribe.

Narratiba

Bilbao-New York-Bilbao

2008an argitaratu du azkenik bere lehenengo nobela, Bilbao-New York-Bilbao. Jakinmin handia piztu zuen liburuak. Kritika Saria eta Espainiako Literatura Saria (Narratiba alorrean) jaso zituen. 2010ean garai berean argitaratu ziren gaztelaniazko, galizierazko eta katalanerako itzulpenak. Nobelak egileak berak Bilboko Loiuko aireportutik New Yorkeko JFKra egiten duen alegiazko bidaia du ardatz. Hegaldi horretan idazkizun duen nobelari buruz egingo du gogoeta idazleak. Balizko nobela hori itsasoari lotutako familia bateko hiru belaunaldiri buruzkoa da. Bilbao-New York-Bilbao nobelak ez du ohiko tramarik. Sare itxurako egitura du, eta sare horretan hiru belaunaldietako pertsonen bizipenak tartekatzen dira hainbat hausnarketa, analogia eta zeharkako istorioekin.

Mussche

2012an Mussche eleberria argitaratu Uribek. Kontakizunaren hasierako protagonistak Gerra Zibilean Santurtziko portutik Habana itsasontzian erbesteratu ziren haurrak dira, horietako bat Karmentxu txikia, Ganteko Mussche familiak hartuko du etxean. Hortik aurrera liburuaren ardatza Robert Musscheren bizitza izango da, Karmentxuren etorrerak guztiz aldatuko duena. Lan hau hainbat hizkuntzatara itzuli da, gaztelania, katalanera, galiziera, japoniera, besteak beste. Japonian, Hon no Zasshi’ literatur aldizkariak bost liburu onenen artean kokatu zuen 2015ean.

Elkarrekin esnatzeko ordua

Elkarrekin esnatzeko ordua izan da Kirmen Uriberen hirugarren eleberria, 2016an argitara emana. Bi egiazko pertsonaien, Gerra Zibilean Karmele Urresti eta Txomin Letamendiren, bizipen eta ibilerak hartzen ditu oinarri nobela honek. 2017an 111 Akademia saria jaso zuen.

Haur eta gazte literatura

Era berean, haur eta gazteentzako hainbat liburu eman ditu argitara. Ezagunenak dira XIX. mendean Amerikara artzain gisa lan egitera joan eta pistolari bihurtzen den Garmendiaren abentura barregarriak. Hiru nobelatxo ditu orain arte Garmendia bildumak: Garmendia eta Zaldun beltza (2003), Garmendia errege (2004) eta Garmendia eta Fanyren sekretua (2006). Garmendia errege izenekoak Liburu Berria Saria lortu zuen bigarren hezkuntzako gaztetxoen bozkei esker 2006an.

Txikiagoentzat Guti (2005) itsasontzirik gabe geratzen den txakur arrantzalearen istorioa eta Ez naiz ilehoria, eta zer? (2004) idatzi ditu. Azken horrek Amira izeneko neskato marokoar baten kezkak jasotzen ditu, zailtasunak dituelako Gasteizen lagunak egiteko. Kukubiltxo antzerki taldearen 20. urteurrena zela medio Mikel Zarateren Ekidazu ipuina moldatu zuen antzerkirako, eta Kukubiltxok eta Oskorrik eraman zuten taula gainera 2002an.

Multimedia egitasmoak

Musika, literatura eta irudiaren loturan oinarritutako hainbat egitasmotan parte hartu du.

  • Zaharregia, txikiegia agian, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda, Bingen Mendizabal musikariekin eta Mikel Valverde ilustratzailearekin elkarlanean.
  • Bar Puerto izeneko audio grabaketa, Bilboko X. Poesiaren Astean grabatua, Mikel Urdangarinekin eta Josu Eizagirrekin batera.

Nazioarteko ibilbidea

Kirmen Uribek nazioarteko hainbat literatura jaialditan parte hartu du eta munduko hainbat unibertsitatetan eman ditu hitzaldiak. Halaber, bere olerkiak entzute handiko aldizkarietan eta nazioarteko antologiatan agertu dira. “Uriberen literaturak Euskal Herrian ditu erroak baina zeharo unibertsala da” esan du berari buruz Harvard unibertsitateko The Harvard Book Review aldizkariak.

  • 2017— Iowako Unibertsitateko International Writing Program-en egonaldia egiteko hautatua.
  • 2017— Guadalajarako Nazioarteko Liburu Azokan (FIL) (Mexiko), gonbidatua, (2017ko azaroaren 26tik abenduaren 3ra arte).
  • 2018—2019 New Yorkeko Liburutegi Publikoaren Cullman Center sortutako sormen beka irabazirik, New Yorken igaroko du Kirmen Uribek 2018-2019 ikasturtea.

Lanak

Bildumak

  • Portukoplak (2006, Elkar)

Poesia

  • Bitartean heldu eskutik 2001, Susa.
  • 17 segundo 2019, Susa.

Haur eta Gazte Literatura

  • Garmendia eta zaldun beltza. 2003, Elkar.
  • Ez naiz ilehoria, eta zer?. 2003, Elkar.
  • Garmendia errege. 2004, Elkar.
  • Guti. 2005, Elkar.
  • Garmendia eta Fannyren sekretua. 2006, Elkar.

Saiakera

  • Lizardi eta erotismoa. 1996, Alberdania.

Eleberria

  • Bilbao-New York-Bilbao. 2008, Elkar.
  • Mussche. 2012, Susa.
  • Elkarrekin esnatzeko ordua. 2016, Susa.
  • Izurdeen aurreko bizitza. 2021, Susa.

Antologia

  • Vidas y ficciones. 2014, Pamiela. Sally Perretek bildua.

Ez fikzioa 

  • Abangoardia maite duen antzinako herria. 2018, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia

Musika-literatura

  • Bar Puerto. 2001, Gaztelupeko Hotsak.
  • Ekidazu, lehoiek ez dakite biolina jotzen. 2003, Elkar
  • Zaharregia, txikiegia agian. 2003, Gaztelupeko Hotsak.
  • Jainko txiki eta jostalari hura. 2013, Elkar

Sariak

  • 1995 – Becerro de Bengoa Saiakera Saria Lizardi eta erotismoa lanagatik.
  • 2000 – Becerro de Bengoa Saiakera Saria Zazpi saio, zazpi leiho (argitaragabea) lanagatik
  • 2001 – Kritika Saria euskarazko poesiari Bitartean heldu eskutik lanagatik.
  • 2006 – Liburu Berria Saria Garmendia errege lanagatik.
  • 2007 – Finalista PEN Award for Poetry in Translation Meanwhile Take My Hand (Bitarean heldu eskutik) lanagatik.
  • 2008 – Kritika Saria euskarazko narratibari Bilbao- New York- Bilbao lanagatik.
  • 2009 – Espainako Narratiba Sari Nazionala, 2009, Bilbao- New York- Bilbao lanagatik.
  • 2016 – Kritika Saria euskarazko narratibari Elkarrekin esnatzeko ordua lanagatik.
  • 2016 – 111 Akademia Saria Elkarrekin esnatzeko ordua lanagatik.
© 2024 Bilbo Zaharra Euskaltegia | Eskubide guztiak gordeta |

Log in with your credentials

or    

Forgot your details?

Create Account