mendeurrenaEuskara eta Euskaltzaindia

Aurten efemeride biribilak ospatzen ditu euskarak: berrogeita hamar urte beteko ditu batuak eta ehun urte beteko ditu Euskaltzaindiak, Oñatiko Kongresuan jarritako batuaren lehen harriak.

Aranismo linguistikoak, herriaren erabilerari bizkarra erakusten zion mustrokoteak, porrot egin zuen bi efemerideotan, baina ez euskararen eremua lazki gaiztotu gabe.

Elizak, berriz, aspalditik zuen lotura estua euskararekin. Horren lekuko fidela zen “euskaldun fededun” esamoldea. Elizak ordu arte ikuspegi integrista eta monarkiko hegemonikoa izan zuen “euskaldun fededun” gotorlekuaren defentsan.

Handik gatoz, eta handik gatozela dioten arrastoak bilatzen eta zehazten ere ahalegindu beharko genuke.

Euskara batua

Euskalkien artean elkar ulertzearen arazoak gainditzeko eta hainbat alorretan hizkuntza arautu baten beharrari erantzuteko sortu zen euskara batua. 1964an, Baionan euskaltzale talde batek Euskal Idazkaritza sortu zuen, “Hizkuntza Sail” batekin. Txillardegi izan zen taldearen bultzatzailea eta joera eta herrialde guztietako euskaltzaleak elkartzen saiatu zen. 1964ko urrian, Idazkaritzak batzar ireki baterako deialdia egin zien Euskal Herriko idazle eta irakasleei, haien iritziak entzuteko. Urtebete geroago, txosten bat plazaratu zen, hartu ziren erabakien berri emanez. 1968ko Arantzazuko Biltzarrean akademiak euskara batzeko lehen arau-multzoak finkatu zituen, hizkuntza idatzian erabil beharreko ortografia, morfologia, deklinabidea eta neologismoen (edo hizperrien) gainean. Horretarako, Koldo Mitxelenak aurkeztutako ponentzia hartu zen abiaburutzat —hein handi batean, Baionako taldearen erabakietan oinarritzen zen—. Euskararen batasunerako, gipuzkeraren aditza eta erdialdeko euskalkietako aldaerak hartu ziren oinarritzat, gainerako euskalkien berezitasunak eta aldaerak ere kontuan hartuta.

Aurrekariak

54594362_020442Euskal Literaturaren hasieratik, idazleek betidanik nabaritu dute euskaldunen arteko ezin ulertzearen arazoa eta literaturarako hizkuntza batuaren beharra. Hizkuntza komuna helburu eduki du Euskaltzaindiak erakundearen sorreratik bertatik (1919). 1930eko hamarkadan, Resurreccion Maria Azkue lekeitiarrak gipuzkera oinarritzat hartzea proposatu zuen, beste euskalkien ekarpenekin osatuz eta aberastuz. Eredu horri gipuzkera osatua deitu zion, eta Ardi Galdua izeneko kontakizunean horren lehen adibide praktikoa eman zuen. Hegoaldean gipuzkera osatua erabiltzen hasi zen bezala, Iparraldean nafar-lapurtera literarioa sortu zen hango idazleen eredu gisan, batez ere Eskualduna eta Herria agerkarietan idatzi zutenen artean. Espainiako Gerra Zibila eta ondorengo garai latzak igaro eta gero, gaiari berriro helduta, Federiko Krutwig getxotarrak Joanes Leizarragaren XVII. mendeko lapurtera klasikoa aurkeztu zuen hartu beharreko eredu bezala, eta Luis Villasante eredu horren alde mintzatu zen 1951n Euskaltzaindiko bere sarrera hitzaldian. Krutwigen ustez, euskararen batasuna XVII. mendean dagoeneko lortua zen, eta Leizarragak egin zuen. Hasieran idazle eta euskalari asko eredu honen alde egon ziren, haien artean Luis Villasante, Jon Mirande eta Gabriel Aresti. Gabriel Aresti, Koldo Mitxelena, Txillardegi eta Luis Villasante izan ziren euskara batuaren bultzatzaile nagusiak.

Onurak

Lehen urteetan jende asko batuaren aurka agertu zen arren, gaur egun euskal jendartean oso sustraiturik dago, hezkuntzan, hedabideetan eta administrazioan erabiltzen den euskara baita. Izan ere, nazio eremuko hedabideetan (EiTB, Berria edo Argia, adibidez) eguneroko tresna da. Halaber, euskaldunen arteko komunikaziorako tresna egokia da, erdarara jo behar izan gabe.

Literaturaren arloan ere batua ezinbestekoa izan da azken hamarkadetan, horrek ahalbidetu baitu idazleek egindako ekoizpen handia, euskal literatura idatziak inoiz izan duen aberatsena. Hirietako hainbat euskaldunek, euskalkien erreferentzia sendorik gabe, euskara batua ama-hizkuntzatzat ikasi du. Oraingo ikuspegitik, ezingo litzateke euskaraz bizi euskara baturik gabe.

Kritikak

Ipar Euskal Herriko eremu askotan euskara estandarra ez da behar bezala ezagutzera eman eta, agian, horren arrazoietako bat erakunde publikoen gogo falta izan da. Ipar Euskal Herriko hedabideetan euskararen erabilera oso noiz behinkakoa denez gero, herritarrak ez dira euskara batura ohitu. Hegoaldean ere, jende askok, batez ere adinekoak, arazoak ditu euskara batuan moldatzeko, baina apurka-apurka, herritarren eskolatzearekin eta hedabideen laguntzaz, gero eta euskaldun gehiago gai da euskara batua ulertu eta erabiltzeko. Euskal Herriko mendebalean, hango euskalkiaren euskarri arautua erabili ohi da batuarekin batean, tokiko hedabideetan eta irakaskuntzan. Bereziki bizkaieraren eremuan, euskara batuari buruzko jarrera kritikoak indartsu eta luze iraun zuen. Herri batzuetan bi ikastola eta bi euskaltegi izatera iritsi ziren: bata, euskara batuaz irakastez zuena; bestea, euskalkiaz edo “erri izkeraz”. Egungo egoera normalizatuagoa bada ere, oraindik ere eztabaidak bizirik dirau. Kontrako iritzia eman dutenek bi alderdi azpimarratu dituzte bereziki: batetik, gipuzkerak, beren ustez, euskara batuan bereganatu zuen gehiegizko garrantzia; bestetik, hizkuntza batuak euskalkien aberastasunari ekarriko zizkion ustezko kalteak. Batasuna giputz euskaran zergatik oinarritu zen azaltzeko, arrazoi demografikoak ematen dira gehienetan. Egun ere, euskaldunen zati handi bat —herena inguru— giputza da. Gainera, antzinatik, Hegoaldeko euskal literaturan giputz ereduak itzal luzea izan du eta euskaltzainei zentzuzkoa iruditu zitzaien joera horri jarraitzea. Bestalde, erabakiak hartu behar direnean, euskal literaturaren tradizio osoa hartzen da kontuan, eta ez bakarrik Gipuzkoakoa. Lapurdin jaio zen literatura tradizioa ere oso kontuan hartzekoa da, denetan zaharrena eta oparoena baita. Bigarren kritikari dagokionez, erantzuna begi bistakoa da: eguneroko eskarmentuak behin eta berriz erakusten du euskalkien arerioa ez dela euskara batua, inguruko bi erdarak baizik.

Euskaltzaindia

Sorrera

Euskaltzaindia

1918ko Irailaren 5ean izendatu ziren lehen lau euskaltzainak: Resurreccion Maria Azkue, Luis Eleizalde, Julio Urkixo eta Arturo Kanpion. 1919an, hamabi euskaltzain izendatzeko araudia onartu zen, eta honako kideak izendatu: Txomin Agirre, Piarres Broussain, Jean-Blaise Adema, Erramun Intzagarai, Jose Agerre, Juan Bautista Eguskitza, Raimundo Olabide eta Pierre Lhande. Resurreccion Maria Azkue izan zen lehenengo euskaltzainburua, eta hamabi izan ziren lehen euskaltzain osoak. Erakundearen helburuak era honetan agertzen dira lehenengo Arautegian: “1. Izkeraketz eta gizarteketz, euskera ayolaz landu ta yagoten zain egotea, Bazkun aunen elburua da: andik ere bere izena. 2. Zainbide bioi dagokienez, Sail bitan ere bereizturik euskaltzaiñak beren arloan diardukete; euskal-ikerleen sailean, ta yagoleenean, lagun bakoitza bietan dagokelarik”.

Egitura

Denboraren poderioz, kopuru hori handitu egin da eta, egun, 24 dira euskaltzain osoak. Euskaltzain osoez gain, urgazleak 150 inguru dira. Euskaltzaindia, hasieran, bi ataletan banatu zen: ikerketa-atala, euskararen hizkuntza arazoak bideratzeko, eta ariketa lana burutuko zuen atala, hau da, gizarteko arlo guztietara euskararen erabilera bultzatuko zuena. Hasierako urteetan, batzarrak gazteleraz egiten ziren, eta euskara batuarena izan zen erakundeak konpondu behar izan zuen arazoetako bat. Halaber, garai hartan, neologismoak nabarmen ugaldu ziren eta, berauek arautu eta onartu beharra zegoenez, Euskaltzaindiak lan horri ere ekin zion.

Gerraostea

Espainiako Gerra Zibilak eta Mundu Gerrak eragin handia izan zuten, euskaltzainak bi bandoetan bereizirik eta sakabanaturik gelditu baitziren. Azkueri euskaltzain-taldea berpizteko eskaria egin zitzaion, baina Azkue zaharra zen, eta Krutwig arduratu zen lan horretaz (1941). Nola edo hala, berriro lanean hasi ziren eta aldizkaria ere berrargitaratu zen; 1956az geroztik eten gabe argitaratu da.

Euskara batura bidean

Euskararen problematikaren inguruan biltzarrak antolatu zituen, eta lehena Arantzazun egin zen, 1956an. Oihartzun berezia izan zuen Euskaltzaindiaren 50. urteurrena zela eta 1968an Arantzazun burututakoa. Bertan, euskara batua sortzeko bideari ekin zioten eta hizkuntza idatziari buruzko arauak eta erabakiak hartu zituzten: idazkera, joskera, jokabidea, aditza eta hiztegia.

© 2024 Bilbo Zaharra Euskaltegia | Eskubide guztiak gordeta |

Log in with your credentials

Forgot your details?