Ramon Saizarbitoria

Euskal literatura modernoaren aintzidaritzat jotzen dena, 64ko belaunaldia deitutakoaren baitan. Batik bat eleberriak landu ditu, baina saiakera eta poesia generoetan ere aritu da. Egunero hasten delako eleberriarekin abiarazi zuen bere ibilbide literarioa 1969. urtean, eta geroztik ia etengabe jardun du literaturan. Lanbidez soziologoa, SIIS ikerketa-zentroko zuzendaria ere izan da, eta gizarte zerbitzuen arloko ikerketa eta txosten ugari burutu eta zuzendu ditu.

Donostian jaioa, 1944an. Bizitza Ingenieritza ikasitakoan, soziologia ikasketak egin zituen Friburgon (Suitza). Lur eta Kriselu argitaletxeetako sortzailea izan zen. Zeruko Argia eta Jakin aldizkarietan idatzi zuen, eta Ustela eta Oh! Euzkadi literatura aldizkarien sortzaileetako bat izan zen. Gaur soziologia azterketa taldean lan egin zuen. Gerora, gizarte zerbitzuen arloko SIIS ikerketa zentroko zuzendaria izan da. Soziologia-ikerketa arlo horretan El problema de la deficiencia mental en Guipúzcoa (1973) eta Nacer en Guipúzcoa (comentarios sobre perinatalidad y prevención) (1981) ikerketa-lanen egile nagusia da. 1979-1983 bitartean zinegotzia izan zen Donostian Euskadiko Ezkerra alderdiarekin. Madalen Saizarbitoriaren aita da, haren lan batzuen itzultzailea izan denarena.

Literatura ibilbidea Saizarbitoriaren eleberriek eragin handia izan dute euskal literatura modernoan. 1969an bere lehen eleberria plazaratu zuen: Egunero hasten delako; abortuari buruzkoa da, eta euskal literaturako lehen eleberri modernotzat jotzen da, hizkuntzaz eta gaiez guztiz berritzailea baitzen orduan. Eleberri horretan euskaraz ordu arte erabili gabeko teknikez baliatu zen: Frantziako Nouveau Roman joeraren objektibotasuna eta, James Joyceren eraginez, barne bakarrizketa, elkarrizketen trataera, elipsia eta flash-backa, besteak beste. Ehun metro (1976) eleberrian aurreko bide bera segitu zuen. Eleberriak ETAko kide baten historia kontatzen du, flash-back teknika muturreraino eramanez eta elebitasuna baliabide estilistiko gisa erabiliz. Hori izan da euskal eleberri irakurrienetako bat; gaztelaniara, frantsesera, italierara eta ingelesera itzuli da, eta oso eragin handia izan du ondorengo euskal eleberri eta kontakizunaren bilakaeran. Hurrengo eleberria, Ene Jesus! (1976), hizkuntzaren beraren azterketa sakona da eta, aldi berean, amaren irudiari buruzko gogoeta; Samuel Becketten eta psikoanalisiaren itzala oso nabarmentzen dira. 1980ko hamarkada isilean eman ondoren, 1990ekoaren bigarren erdialdean indarrez itzuli zen literaturgintzara. 1995ean, Hamaika pauso eleberria argitaratu zuen, Espainiako Kritikaren Saria jaso zuena. 1996an, berriz, Bihotz bi. Gerrako kronikak argitaratu zuen. 1999an, Aberriaren alde (eta kontra) saiakera plazaratu zuen, euskararen eta euskal kulturaren egoerari buruz. 2000. urtearen azkenaldera, berriz, bost kontakizun biltzen dituen Gorde nazazu lurpean lana argitaratu zuen (Espainiako Kritikaren Saria eta Euskadi Saria). Geroztik argitaratutako eleberriak hauek dira: Gudari zaharraren gerra galdua (2000), Rossetti-ren obsesioa (2001), Bi bihotz, hilobi bat (2001), Kandinskyren tradizioa (2003). 2012an bere idazlanik luzeena argitaratu zuen —ia 800 orrialde—, Martutene, bederatzi urte idazten eman eta gero. 2016an Gipuzkoako Urrezko Domina jaso zuen euskal literatura modernoari egindako ekarpenagatik.

Eleberriak

Egunero hasten delako, 1969.

Ehun metro, 1976.

Ene Jesus, 1976, Kritika Saria.

Hamaika pauso, 1995, Kritika Saria.

Bihotz bi. Gerrako kronikak, 1996, Kritika Saria eta 1997ko Zabalpen Saria.

Gorde nazazu lurpean, 2000, Kritika Saria eta Euskadi Saria.

Gudari zaharraren gerra galdua, 2000.

Rossetti-ren obsesioa, 2001.

Bi bihotz, hilobi bat, 2001.

Kandinskyren tradizioa, 2003.

Martutene, 2012, 2013ko Euskadi saria.

Lili eta biok 2015.

Miren eta erromantizismoa, 2019

Saiakerak

Mendebaleko ekonomiaren historia; Merkantilismotik 1914-era arte, 1970.

Nacer en Guipúzcoa, 1981.

Perinatalidad y prevención, 1981.

Aberriaren alde (eta kontra), 1999.

Poesia

Poesia banatua, 1969.

Philip Rothen Nemesis (2011)

© 2024 Bilbo Zaharra Euskaltegia | Eskubide guztiak gordeta |

Log in with your credentials

or    

Forgot your details?

Create Account