Duela bost urte Axularren Gero, duela lau Mogelen Peru Abarca, duela hiru Jon Miranderen Haur besoetakoa, duela bi Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso, iaz Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik Panpox,  eta ikasturte honetan Bernardo Atxagaren Obabakoak. BILBO ZAHARRA euskaltegiko ikasle-irakasleok oso pozik gaude, eta harro, “Klasikoen irakurraldi etenik gabea” ekimena gero eta indar handiagoa hartzen ari delako eta, horrenbestez, pixkanaka-pixkanaka, geure helburua -klasikoen balioak eta gaurkotasuna aldarrikatzea, alegia- betetzen ari garelako.

Zer irakurri erabakitzeko orduan, lehenengo lau edizioetan, ordena kronologikoaren irizpidea baliatu genuen. Hots, XVII. mendeko liburu batekin hasi, XVIII-XIX. mendeen arteko beste batekin segi, XX. mendearen erdira iritsi eta ia XXI. mendean bukatu genuen. Hiru jauzi izan ziren, -bi, ehun eta hirurogei urtekoak, eta bat, berrogeita hamarrekoa-, euskal literaturaren historian barrena. Azkenengo bi edizioetan, aldiz, bestelako irizpidea baliatu dugu. Zergatik panpoxen kasuan, emakumezko literaturaren aitzindari izatearena, eta Obabakoak-enean, argitaratu zeneko 25. urteurrena ospatzearena.

  • Gero (1643)
  • Peru Abarca (1802)
  • Haur besoetakoa (1959)
  • Hamaika pauso (1995)
  • Zergatik panpox (1979)
  • Obabakoak (1988)

Egia da “klasikoa” hitz labaina dela eta ez dela erraza zein garai biltzen duen jakitea. Eta hala, ez litzateke harritzekoa norbaitek 1988an argitaratutako liburu bat –Obabakoak-en kasua, hain zuzen_ klasikotzat ez hartzea. Gu ez gara eztabaida horretan sartuko. Bernarto Atxagaren lana euskal literaturako mailarik gorenean dago eta merezi du gure ekimenaren ateak parez pare zabal diezazkiogun.

Obabakoak.  25. Urteurrena.

2013ko ekainean, hogeita bost urte beteko dira, Obabakoak argitaratu zela. Data gogoangarria, dudarik gabe, euskaltzale guztiontzat, eta bereziki, Bilboko euskaltzaleontzat. Izan ere, liburua oso lotua dago, aldez edo moldez, Bizkaiko hiriburuari. Atxagak berak behin baino gehiagotan aitortua duenez, Bilbo erabakiorra izan zen haren bizitzan. Horiek horrela, Bilbo Zaharra Forum kulturguneak ahalegin berezia egingo du urteurrena gogorazteko.

Honela gogoratzen du Atxagak Obaba izenaren sorrera: “Bilbon bizi nintzen, hemengo apopilo-etxe batean, eta etxe horretako ugazaba-andrea Zeanurikoa zen, eta gainera zen Deustuko karamelu saltzailea. Ni bere etxean egoten nintzen apopilo, esan dudan bezala, eta halako batean magnetofoi bat erosi nuen eta, probatzearren edo, esan nion andre horri, alegia, zerbait kanta zezala. Nik espero nuen berak halako kanta arrunten bat edo ezagunen bat kantatuko zidala; eta hor non andre hori hasi zen Obabatxue, Obabatxue sehaska-kanta kantatzen.”

Honela gogoratzen du Atxagak noiz eta nola amaitu zuen Obabakoak: “Liburua Euskal Herritik urrun bukatu nuen, Eskoziaren ekialdeko kostan dagoen St. Andrews izeneko lekuan. Alokatutako etxearen leiho batetik bertako kanposantu zaharra ikusten nuen; bestetik, Ipar Itxasoa… Maiatz aldera, nire karpetetan pilatutako ipuin zein beste lekuak bere tokia hartzen joan ziren, eta toki horretan lasai eta sendo gelditzen… Ekainaren hasierako egun batean, Dundee hiri aldeko argiei begira zigarro bat erretzen ari nintzela, Guridiren euskal doinuetako bat jarri zuten irratian, San Juan martxan oinarritutakoa, eta halabehar hura seinaletzat hartuz, liburua areago ez luzatzea erabaki nuen. Gera zedila zegoenean… Bukatu dut. Heldu naiz mugara.”

Honela gogoratzen du, halaber, Obabakoak-en azaleko irudiaren zergatia: “Hilabete geroago edo, auto lepo betean 2.000 kilometro egin eta Asteasu nire jaioterrira itzuli nintzenean, hantxe neuzkan lagunak liburuarekin zain. Bere azalean, nik eskatu bezala, Arriaga antzokiaren marrazki bat azaltzen zen, zapuzedertu baino lehenago zeukan itxuraren arabera: keinu bat han biltzen ginen Pott Bandako adiskideei. Izan ere, nik idatzitakoa gure talde hartan planteiaturiko hainbat kezka eta larritasunei emandako erantzuna iruditzen baitzitzaidan. Ez hori bakarrik, apika; baina hori ere bai… Obabakoak erantzun bat ere izan zen; erantzun bat azalean daraman Arriaga kafeko galderei emandakoa.”

© 2024 Bilbo Zaharra Euskaltegia | Eskubide guztiak gordeta |

Log in with your credentials

Forgot your details?