Noiz: Martxoak 3, asteazkena, 19:00
Non: Euskaltzaindiako egoitzan, Bilboko Plaza Barrian
Xabier Amuriza
Etxanon jaioa, 1941ean.
Politikaren alorrean urte luzeetako militantzia eraman du aurrera, eta, horrez gain, idazle kazetari, irakasle eta bertsolari lanetan aritu izan da eta aritzen da. Bi aldiz izan da Euskal Herriko bertsolari txapelduna: 1980an eta 1982an. Hainbat liburu eta disko argitaratu ditu, horietatik asko bertsolaritzaz. Kantarientzat ere letra eta bertso asko egin ditu.
Ekoizle emankorra, bertsoaz gain beste jenero asko landu dituena. Bertsoa plazaratu eta bertsolaritza hedatzeko era asko frogatu ditu, eta askotan aitzindari izan da. Bertsolaritza modernoak izan duen figura nabarmenetakoena, ezpairik gabe.
Korrontzi
Euskal Herria, 2004
Korrontzi folk musika taldea Agus Barandiaran trikitilariak sortu zuen. Bere helburua, banda osatzean, euskal musika herrikoiari zein bere lurraldeko antzinako hots tradizionalei beste ikuspuntu moderno eta garaikideago bat ematea zen, beti ere trikitixa musikan oinarritutako ikuspuntu batetik, beronekin batera txalaparta edo alboka bezalako beste instrumentu tradizional batzuk ardatz hartuta eta bere lehen maisuak, Rufino Arrola trikitilariak (1909 – 1996), helarazi zion tradizio guztiarekiko erabateko errespetua inoiz ahaztu gabe.
Sonoritate berri hau lortzeko, musika estilo modernoagoez inguratu eta, besteak beste, mandolina, baxu elektriko, kontrabaxu edo perkusioen laguntza izan zuen.
Urte hauetan zehar, Korrontzik bere kultura, hizkuntza, dantza eta musika eraman ditu mundu osoan zehar, jaialdi handietan joz eta hainbat herrialde bisitatuz.
Korrontzi inor axolagabe uzten ez duen euskal musika talde bat da, kultura oso bateko erakusleiho bat, beraien zuzenekoen indarra eta energiarekin antzinateko soinuak eta dantzak edo folkaren joera berriak transmititzen dituena. Korrontzi euskal musika eta dantza tradizionalaren jai bat da, abangoardiako ikuspuntu batekin. Euskal Herriko kolore eta paisaiak.