Euskara ikastea ez da bakarrik gelan sartuta egotea eta klasea eman eta eman eta eman… Euskararekin ere disfruta daiteke, eta horretarako, Arte ederretako museorabisitaldiak antolatuko ditugu Nestor Basterretxearen “Forma eta unibertsoa” erakusketa ikusteko. Zuen irakasle eta ikaskideekin egiteko, beti gidari euskaldun batekin klasean ikasitako euskara praktikan jartzeko. Aukera paregabea gure euskal kultura eta gure artista esagutzeko. Nahi izanez gero, komenta ezazue klasean eta irakaslearekin hitz egin. Apirila eta maiatzean zehar egingo dira bisaldiak. Anima zaitezte!!!!

Néstor Basterretxea – Forma eta unibertsoa

13|02|25 • 13|05|19

Peio Aguirre komisario duen erakusketa honen bidez, Néstor Basterretxearen (Bermeo, Bizkaia, 1924) obraren orain arteko atzera begirako bildumarik osoena jarri nahi izan da ikusgai; eta helburu horrekin argitaratu da, halaber, erakusketa honi loturiko katalogo zehatza. Aldez aurretik, 2008an, Basterretxeak museoari dohaintzan eman zizkion Euskal serie kosmogonikoa saila osatzen duten 18 eskulturak, XX. mendearen bigarren erdialdeko euskal eskulturako multzo ospetsuenetako bat.

Erakusketa honek 60 urte inguruko sorkuntza ibilbide oparo baten azterketa proposatzen du, egileak baliatu izan dituen teknika eta adierazpen artistiko askotarikoetan barrenako bidaia. Margolaritzan lehen urratsak egin zituenetik hasi, eta eskulturari heldu zion arteko tarte osoa biltzen du, alde batera utzi gabe zinema, diseinu industriala, grafikoa, altzarien diseinua, arkitektura eta hirigintzako proiektu gauzatu gabeak, argazkilaritza, kartelgintza eta idazketa. Juan Daniel Fullaondok “Basterretxea kaleidoskopioa” deituriko oparotasun hori berregiten du, beraz, artistak bere hizkuntza formalean estetika, korronte, estilo eta joera antagonikoak txertatzeko duen gaitasunaren adierazpen gisa.

Basterretxea XX. mendearen bigarren erdiko euskal eskulturaren berritzaile nagusienetakotzat hartua den arren, publizitateko marrazkilari modura hasi zen lanean, pinturari modu autodidaktan heldu aurretik. 1950eko hamarraldiaren amaieran, eskultura lantzen hasi zen, Jorge Oteizaren eskutik; Equipo 57 taldearen kide sortzailea izan zen, eta Bartzelonako Equipo Formarekin lankidetzan jardun zuen. 1961ean, Sao Pauloko VI. Biurtekoan (Brasil) Espainiaren ordezkari izateko hautatutako eskultore bakarra izan zen.

Handik gutxira, 1966an, Gaur abangoardiako euskal taldea sortu zuen, beste artista batzuekin batera. Garai hartan hasi zen zinemagintza lantzen ere; ordukoak ditu, besteak beste, Pelotari (1964) eta Alquézar (1966) film laburrak eta Ama Lur (1968) film luzea, guztiak ere Fernando Larruquertekin eginak. Aurrerago, laurogeiko hamarraldian, eskultura publikoaren arloan nabarmendu zen, batik bat; jarduera horren emaitzak ikus daitezke Euskal Herriko hainbat tokitan, baita Espainiako, Estatu Batuetako, Argentinako eta Txileko zenbait hiritan ere.

Erakusketa honetarako, 200 pieza inguru bildu dira, eta Basterretxearen obraren gaineko ikuspegi garaikide eta aldi berean historikoa eskaintzen du, abangoardiako hizkuntza artistikoen bidez tradizioaz egiten duen interpretazio berezia erakustearekin batera.

BASTERRETXEA ARZADUN, Nestor

(Bermeo, Bizkaia , 1924 )

Eskultura, PinturaIrun (Gipuzkoa), Hondarribia (Gipuzkoa)

Nestor Basterretxea 1924ko maiatzaren 6an jaio zen, Bermeon (Bizkaia). Hantxe bizi izan zen 1936ra arte, eta, urte hartan, Gerra Zibila zela eta, Frantziara erbesteratu behar izan zen, familiarekin batera. Bigarren Mundu Gerra hasi zenean, Marseillatik Buenos Airesera joan ziren, 15 egunerako programatutako bidaian. Alabaina, Dakarretik Casablancara itzultzera behartu zituzten, eta, handik, Mexikora eta gero Habanara joan ziren.

Azkenik, 18 urte zituela, Buenos Airesera heldu zen, eta han hasi zuen bere jarduera artistikoa, publiztiateko marrazkilari gisa. Ondoren, modu autodidaktan, margolari bihurtu zen, eta, 1949an, Atzerritarrentzako Sari Bakarra jaso zuen, Buenos Airesko Areto Nazionalean. Urtebete geroago, bere lehen erakusketa indibiduala egin zuen Peuser aretoan.

Bere sorterrira itzuli zen, eta, segituan, abangoardiako proposamenetan parte hartzen hasi zen, sortzen ari ziren joerei jarraituz. 1952an, Arantzazuko (Oñati, Gipuzkoa) basilikako kriptako muralak egiteko lehiaketa irabazi zuen. Egindako hamaika muralak ezabatuak izan ziren, Elizak 1955eko ekainean obrak eteteko agindua eman ostean; izan ere, adierazi zuten ez zirela egokiak debozio kristaurako. 1984an, berriz ere pintatu zuen kripta, eta, oraingoan, zazpi mural gehiago egin zituen; guztira, 18 panel, beraz.

Arantzazuko etaparen ostean, 1958an, Irunera (Gipuzkoa) joan zen Jorge Oteizarekin, eta, han, eskulturan eta diseinuan murgiltzen hasi zen, altzari-fabrikan lan egiten zuen bitartean. Urte hartan, Equipo 57 taldean sartu zen, eta, Bartzelonan, Equipo Forma taldearekin lankidetzan aritu zen. 60ko hamarkadan aintzatespen artistikoa heldu zitzaion. 1961ean, bera izan zen Sao Pauloko (Brasil) VI. Bienalean Espainia ordezkatzeko aukeratu zuten eskultore bakarra, eta, 1962an, abangoardiako nazioarteko zenbait erakusketatan hartu zuen parte.

Amable Arias, Eduardo Chillida, Remigio Mendiburu, Jorge Oteiza, Rafael Ruiz Balerdi, José Antonio Sistiaga eta José Luis Zumetarekin batera, Gaur taldea sortu zuen, 1966an.

1965tik aurrera, arlo zinematografikoan lan egiten hasi zen. Fernando Larruquertekin lankidetzan, “Alquezar” eta “Pelotari” film laburrak egin egin zituen; urte hartan bertan, zinematografiako sari nazionala eskuratu zuen, eta, ondoren, “Ama Lur” film luzea filmatu zuen. Azken lan hori Donostiako Nazioarteko Zinemaldian aurkeztu zen 1968an, eta Gipuzkoako Ateneoa saria lortu zuen bertan.

70eko hamarkadaren hasieran, Hondarribiara joan zen bizitzera, eta hantxe jarri zuen bere tailerra, Idurmendieta baserrian. Une hartantxe hasi zuen “Euskal Serie Kosmogonikoa”: egurrez egindako eta euskal mitologian inspiratutako 18 figura dira, eta pieza horiek obra enblematikoa osatzen dute Basterretxearen produkzioaren barruan.

Euskal eskulturaren berritzaile nagusienetakotzat dago hartuta, eta bere gailur nagusia 80ko hamarkadan izan zen, Eusko Jaurlaritzako aholkulari artistikoa izan zenean eta eskultura monumental ugari egin zituenean. Besteak beste, lan horien artean daude 1983an Eusko Legebiltzarreko Batzar Aretorako egin zuena, 1987ko “Bakearen usoa” (ondoren, Donostiako Amara auzoan jarri zen), Durangoko (Bizkaia) Tabira baselizaren aurreran dagoen eta 1993an egin zuen hilarria, edo Beasaingo (Gipuzkoa) Arriaran urtegiko hormigoizko eskultura izugarria. Gaur egun, 85 eskultura ditu toki publikoetan. Horietako gehienak Euskal Herrian daude, baina beste batzuk Katalunian, Kanarietan, Estatu Batuetan, Argentinan edo Txilen daude, leku batzuk baino ez aipatzearren.

Bere ibilbidean zehar, Nestor Basterretxeak arte integrala sortu nahi izan du, eta, eskultore eta margolari gisa lan egiteaz gain, grabatzailea, argazkilaria, diseinatzaile industriala, zinema- errealizadorea eta idazlea ere izan da.

2005ean, Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien Eusko Ikaskuntza-Euskadiko Kutxa saria jaso zuen, Euskal Artearen garapenaren eta nazioarteko aintzatespenaren alde egin duen lanagatik; era berean, Eusko Jaurlaritzaren “Lan Onari” saria ere jaso zuen urte berean. Eta, 2008an, Euskal Herriko Unibertsitateak Zilarrezko Intsignia eman zion, arteari egin dizkion ekarpenengatik.

0 Comments

Leave a reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

© 2024 Bilbo Zaharra Euskaltegia | Eskubide guztiak gordeta |

Log in with your credentials

Forgot your details?