Bernat Etxepare

Euskal idazle baxenabartarra, ustez Sarrasketan jaioa (~1493 – ?). Heriotza, berriz, ez da daturik.

Bere bizitzari buruzko berri askorik ez badago ere, Eiheralarreko erretore (1518) eta Donibane-Garaziko bikarioa izan zela ezagutzen da. 1518an, Donibane Garazi ondoko Eiheralarre herrixkan zen erretore, baina lehenago Donibanen bertan egon zen apaiz. Agiriak badira frogatzen dutenak 1516an Juan II.a Nafarroako erregeak, Gaztelako Fernando erregearen kontra,  Donibaneri setioa jarri zionean Etxepare han zela.

Etxepare izan zen euskaraz inprimatutako lehen liburuaren egilea: Linguae Vasconum Primitiae, Bordelen 1545ean argitaratua. XIII. olerki autobiografikoan dioenez, arrazoi politikoak zirela medio, etsaiek salatu eta Biarnon espetxeratu zuten (1516).

Hamabost poemez osatutako bilduma bat da, eskaintza moduko hitzaurre labur batekin. Lehenengo bi poemetan gai erlijiozkoa darabil, hurrengo hamarretan amodiozkoa, sarri gordintasun betean azaldua, hamahirugarren poema autobiografikoa da (kartzelako egonaldia), eta azken bietan euskararen goraipamena egiten du, estraineko aldiz inprimeriara ematen zelako bozkarioz betea.

Euskal olerkigintza idatziaren aitzindaria izan zen eta liburuaren hitzaurrean bertan aipatu zuenaren arabera, Etxeparek bazekien lehen euskal idazlea zela eta horretaz harro zegoen. Guztiz hizkera herritarra erabili zuen eta sortaldeko behenafarreraz idatzi zuen. Haren lana ez zen oso ezaguna izan, ale gutxi argitaratu baitziren.

© 2024 Bilbo Zaharra Euskaltegia | Eskubide guztiak gordeta |

Log in with your credentials

or    

Forgot your details?

Create Account