SARRERA

Euskaltegi hitza Aita Imanol Berriatuak asmatu zuen joan den mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadan. Orduko euskaltzaleak hitz berri bat asmatu beharrean gertatu ziren, kontzeptu berri bat adierazteko. Ordurarte gau-eskolak izandako ikasguneek egun osora hedatu zuten euskara ikasteko ordutegia, eta hala, ikastetxe eredu berri bat sortu zen, ondorengo urteetan egundoko bilakaera izango zuena.

Bilbo Zaharra euskaltegia, sorreratik bertatik, Bilboren bihotzean, euskara ikasteko zentroa baino gehiago izan da beti. Horren lekuko dira, besteak beste, urtetan garatu eta gaur egun indarrean dirauten honako ekimenak: Gorozikako barnetegia, Barra-barra aldizkaria, euskara-planak egiteko zerbitzua, itzulpen-zerbitzua, Berbaldun taldea… eta baita Bilbo Zaharra Forum ekimena ere: euskal kulturaren alorrean gertatzen den ororen erresonantzia-kaxa eta eztabaidagune izan nahi duen elkarte edo topagunea. 30 urte inguruko ibilbide oparoa.

Hortxe kokatzen da Klasikoen Irakurraldi Etenik Gabea egitasmoa, alegia, Forumak literatura herritarrengana hurbiltzeko antolatutako jardueren baitan. Hasiera-hasieratik helburu bikoitza izan du gainera: batetik, euskal kultura herritarren artean sustatzea eta prestigiatzea, eta bestetik, gure ikasleek euskara ikasteko egindako ahalegina nolabait saritzea. Bilbo Zaharrak horrexegatik kokatu izan du irakurketa ikasturtearen amaieran, Euskaraikasleen jaiaren muinean. Irakurketa eta jaia. Konbinazio bitxi samarra dirudien arren, ez da hain harritzekoa. Gero eta ikasle gehiago dago euskal literaturaz gozatzen duena eta klasikoak irakurriz ongi pasatzen duena. Jai horren bitartez, gizartearen alor guztietako ordezkarien partaidetzarekin, gure esker ona adierazi nahi diegu ikasleei. Ikasleek ikasturtean zehar gogotik egiten dute lan, eta haren amaieran, ospakizuna eskaini nahi diegu merezitako sari gisa.

Zergatik egin ikasleei errekonozimendua? Galdetzen digute. Horra erantzun batzuk: Bilbon euskaraz bizi nahi dutelako. Euskara ikasi nahi dutelako. Egundoko ahalegina egiten dutelako. Une txarrak pasatzen dituztelako. Euskararen etorkizuna direlako. Euskararen bizkarrezurra direlako. Konpromisoa dutelako. Seme-alabekin euskaraz hitz egin nahi dutelako. Lanean euskaraz mintzatu nahi dutelako. Askotarikoak direlako. Kritikoak direlako. Euskararekin barre egin nahi dutelako. Bertsoak ulertu nahi dituztelako. Kantak ulertu nahi dituztelako. Euskaltegiko partaide sentitzen direlako. Euskaltegian ikasteaz harro daudelako. Euskara kalera atera nahi dutelako. “Horrela ez da esaten” gehiago entzun nahi ez dutelako. Beren euskalduntasuna agertu, erakutsi eta ezagutarazi nahi dutelako. Egundoko pazientzia dutelako. Euskarari bizitasuna ematen diotelako. Kolorea ematen diotelako. Hizkuntzarekin jolastu nahi dutelako. Gozatu nahi dutelako. Irakaslearen iritziekin ados ez daudelako. Irakaslearen sermoiak jasan behar dituztelako. Eta hala ere, irakaslea errespetatzen dutelako. Eskuzabalak direlako. Esker onekoak direlako. Bi hitzetan esanda: ezinbestekoak direlako.

Etxepare PIN

HISTORIA

Sarreran esan bezala, euskaltegia, hiztegiek diotenez, euskara ikasi eta irakasteko akademia da, bereziki helduen alorrean diharduena. Bilbo Zaharra euskaltegiari buruz ari garela, ordea, definio horri osagarri inportante bat falta zaio: eskolaz kanpoko kultur ekintzen erreferentzia, hots, euskararen kultur erabileraren alde egiten duen lan eskergaren aipamena.

Hiru garai edo fase ezagutu ditu Bilbo Zaharraren kultur ibilbideak. Lehen garaia 1984 urtean hasi zen. Pott banda hiruzpalau urte lehenago isildua zen, baina artean haren eragina oso nabarmena zen Bilboko kultur giroan, eta hori gardenki islatu zen forum-ak antolatu zituen ekitaldietan. Lehen garaiko gonbidatuek “Kultura eta konpromisoa” izeneko zikloari ekin zioten. Frankismoa eta Trantzitsioa atzean geratuak ziren arren, gai hark jende asko erakarri zuen hitzaldietara. Bertan parte hartu zuten adituen artean oso izen ospetsuak aurkitzen ziren: Atxaga, Juaristi, Onaindia, Manu Ertzilla, Federiko Krutwig, zeinak bi hitzaldi gogoangarri egin baitzituen astebeteko epean, Emilio López Adan Beltza, Xabier Kintana, Xabier Mendiguren, Alfonso Sastre (hogeita hamabost urte hauetan forumean gazteleraz mintzatu den gonbidatu bakarra), Josu Landa,…

Bigarren garaian, hitzaldiak antolatzeari utzi eta bi motako jardunari ekin zion euskaltegiko kultur lan-taldeak. Hainbat eta hainbat liburu irakurri, komentatu eta kritikatu ziren topagunean; esate baterako, Gizona bere bakardadean, Otto Pette, Nik ere Germinal! egin nuen aldarri, Euskaldungoa erroizturik, … edota gazteleraz idatzitako Telépolis. Bestalde, Aldrebesa izeneko aldizkaria argitaratzeari ekin zioten. Aldizkari hura oso garrantzitsua izan zen, laurogeita hamarreko hamarkadan, euskaltegiaren inguruko kultur giroan. Haren orrialdeetan bi sail bereizten ziren: barne-produkzioa, euskaltegiko ikasleen lanak jasotzen zituena, eta kanpokoa, atzerriko literaturaren zertzeladak biltzen zituena, itzulpen lanez osatua.

Hirugarren garaia, eta oraingoz azkena, 2001ean hasi zen. Izenburu adierazgarri batekin hasi ere: “Euskal kulturaren ajeak eta literatura”. Aipatu gaia jorratu dutenen artean euskal idazlerik ezagunenetakoak daude: bai Espainiako Sari Nazionalak irabazi dituztenak (Bernardo Atxaga, Unai Elorriaga, Mariasun Landa), bai Euskadi Sariak irabazi dituztenak (Ramon Saizarbitoria, Anjel Lertxundi, Felipe Juaristi, Ixaro Borda, Lourdes Oñederra,…), bai belaunaldi berriaren aitzindaritzat har daitezkeenak (Harkaitz Cano, Kirmen Uribe,…), bai behin ez ezik, bi aldiz ere forumean hizlari izan direnak (Joan Mari Irigoien, Koldo Izagirre,…), bai fikzioaz gainera, saiakera landu duten idazle zorrotzak (Joseba Zulaika, Txema Larrea, Aurelia Arkotxa, Eduardo Gil Bera, Aingeru Epaltza,…), bai gazteleraz idatzi izan arren euskal bertsioa lehenetsi zuen Toti Martinez de Lezea idazlea.

Edonola ere, urte hauetan guztietan, Bilbo Zaharra euskaltegiak bultzatutako jardunaldietan ez da dena literatura izan, baizik eta beste arlo batzuk ere jorratu dituzte. Zientzia, adibidez, Pedro Miguel Etxenike zientzialariaren eskutik; edota artea, adibidez, Koldobika Jauregi artistaren eskutik. Aldi berean, halaber, aipatu beharrekoak dira gure artean ez diren funtsezko kultur gizonei eskainitako ekitaldiak; esate baterako, Jorge Oteiza, Mario Onaindia eta Joseba Sarrionandiari eskainitakoak.

Testuinguru horretan sortu zen Klasikoen irakurraldi etenik gabea, euskarari Bilboren bihotzetik bozgorailu erraldoia eskaintzeko asmoz. Gure hiriaren ikur esanguratsua den Arriaga antzokitik, gure hizkuntza prestigiatu eta lau haizetara zabalduz, esparru guztietako hiritarren partaidetzarekin.

_A3A7896

AUKERAKETA ETA IRIZPIDEAK

Jakina denez, Madrileko irakurketan urtero liburu bera irakurtzen dute: Don Quijote de la Mancha. Guk, lehen irakurketaren ostean, bestelako erabakia hartu genuen: urtero irakurgaiz aldatzea. Erabaki hori, neurri handi batean, literaturaren aldeko apustua izan zen. Geroren prosa zoragarria izan arren, elizako liburua da, helburu dogmatiko zehatza duena. Don Quijote, berriz, egundoko nobela da, oraindik ere irakurketa bakoitzean zerbait berria iradokitzen duena.

Dagoeneko hamahiru edizio burutu ditugu, eta esan beharra dago bestelako irizpideak erabili ditugula irakurgaiak aukeratzerakoan. Lehenengo lau edizioetan kronologia izan zen: Gero (1643), Peru Abarka (1804), Haur besoetakoa (1959), Hamaika pauso (1995). Hots, XVI. mendeko liburu batekin hasi, XVII. mendeko beste batekin segi, XIX. Mendearen erdira iritsi eta ia XXI. mendean bukatu genuen. Hiru jauzi izan ziren: bi, ehun eta hirurogei urtekoak, eta bat, berrogeita hamarrekoa, euskal literaturaren historian barrena. Bosgarren edizioan hautsi genuen irizpide hura, beren-beregi emakume-idazle baten liburua irakurtzeko: Zergatik panpox (1959). Seigarrenean eta zazpigarrenean, berriz, beste irizpide bat erabili genuen: urteurrenen ospakizunena; hain zuzen ere, Obabakoak (1989) eta Harri eta herri (1964) liburuen 25 eta 50 urteurrenak ospatzeko. Zortzigarrenean, Joseba Sarrionandiaren Narrazio guztiak-ekin, literaturaren independentzia aldarrikatzea, baita arazo politikoarekiko ere. Bederatzigarrenean, itzulpenaren garrantziaren urtea izan zen Kafkaren Metamorfosiarekin. Hamargarrenean, Itxaro Bordaren %100 Basque, emakume-idazle baten liburua izateaz gain, bere izaera periferikoa defendatzen duelako. Hamaikagarrenean, Txomin Agirreren Kresala izango genuen protagonista, bizkaieraren garrantzia azpimarratuz eta Euskaltzaindiaren eta euskara batuaren urteurrenak gogoan. Hamabigarrenean, berriz ere urteurrena ospatuz, Anjel Lertxundiren Otto Pette (25 urte). Iaz, haur eta gazte literaturaren indarra eta garrantzia aldarrikatze aldera, Mariasun Landaren ipuinak. Eta, aurten, aukeratutako liburua Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae (1545) da, eta beraren bidez, literaturgintzako beste bi ezaugarri azpimarratu eta nabarmendu nahi ditugu: batetik,
lehen liburua izatearen garrantzia, eta bestetik, poesia herrikoiaren eredu izatearena.

Garrantzi handikoa, dudarik gabe, ekainaren 3an egingo dugun irakurketa-jaia, beti bezala, Arriaga antzokian. Gozietik eguerdira, 200 irakurle, 50 Euskal Etxe, 50 bat lagun antolakuntza lanetan, eragile sozialak… irakurle eta entzule, guztiok gonbidatuta zaudete literatura eta euskara batzen duen jai honetara.

Hauxe izan da gure ibilbidea:

* Gero (1643)

* Peru Abarca (1802)

* Haur besoetakoa (1959)

* Hamaika pauso (1995)

* Zergatik panpox (1979)

* Obabakoak (1988)

* Harri eta herri (1964)

* Narrazio guztiak (1990)

* Metamorfosia (1916)

* %100 Basque (2001)

* Kresala (1906)

* Otto Pette (1994)

* Ipuin hautatuak (1982-2016)

* Linguae Vasconum Primitiae (1545)

_A3A8047
LINGUAE VASCONUM PRIMITIAE (1545)XVI
Iesus Christ Gvre Iavnaren Testamentv Berria (1571)
Manual debozionezkoa (1627)XVII
GVERO (1643)
Oihenarten gaztaroa neurtitzetan (1657)
Eskuararen hatsapenak (1718)XVIII
Euskararen berri onak (1761)
PERU ABARCA (1802)XIX
Iparragirre (1839)
Bi saindu euskaldunen bizia (1867)
KRESALA (1906)XX
METAMORFOSIA (1916)
HAUR BESOETAKOA (1959)
HARRI ETA HERRI (1964)
ZERGATIK PANPOX (1979)
OBABAKOAK (1988)
NARRAZIO GUZTIAK (1979-1990)
OTTO PETTE (1994)
HAMAIKA PAUSO (1995)
%100 BASQUE (2001)XXI
BILBAO-NEW YORK-BILBAO (2008)
MARTUTENE (2012)
KRISTALEZKO BEGI BAT (2013)

© 2024 Bilbo Zaharra Euskaltegia | Eskubide guztiak gordeta |

Log in with your credentials

Forgot your details?