Gaurkoan, Vicenta Antonia Mogel Elguezabal, (Bizenta Mogel Elgezabal moduan ezagututa) ekarriko dugu gogora, hots, euskaraz idatzi zuen lehen emakume idazlea eta Ipui onak, umeentzat euskaraz idatzitako lehen literatura lanaren egilea. Abiapuntu ederra izan zen alegiak euskaraz idatzi zituen beste askorentzat.
Azkoitian jaio zen, 1782an, familia ikasi baten baitan; aita medikua zuen eta osaba Joan Antonio, berriz, abade, idazle eta euskaraz idatzitako “Peru Abarka” (1802) lehen eleberriaren egilea. Aita hil ondoren, Bizenta artean oso gaztea zela, Markinara joan zen bizitzera Juan José nebarekin batera, osaba Bizkaiko herri horretan bizi baitzen. Eta osabak irakatsi zion Bizentari. Izan ere, Joan Antonio Mogelek latina irakatsi eta literatura lantzen has zedila gogatu zuen loba. Hori dela eta, Bizentak jakintza humanistiko zabala hartu zuen eta literatura-lan ugari ekoitzi zituen. irakasle ibili zen Adiskideen Elkartean. 1817an, Markinan ezkondu zen Abandoko elizateko bizilaguna zen Eleuterio Basozabal merkatari eta konpainien ordezkariarekin eta, ezkondu eta lasterrera, Abandora joan zen bizitzera.
Abandon hil zen, 1854ko ekainaren 29an.
Euskaraz idatzi zuen lehen emakumetzat hartua izan da, eta hain zuzen emakume idazlea eta ikasia izateagatik azalpenak eman behar izan zituen. Garai hartan, ez zuten begi onez ikusten emakumeek idaztea eta, hortaz, emakume batzuek gizonen izengoitiak erabili ohi zituzten liburuetan. Bizentak berak onartu zuen oso ausarta zela emakume idazlea izateagatik, baina kultura-maila handiko etxe batean hazi eta hezi zenez, gogoz hartu zuen idaztea.
Bizenta Mogelen Ipui onak izeneko lana (Esoporen alegien itzulpen, moldaketa eta bere lanez osaturikoa) 1804an argitaratu zen 22 urte besterik ez zituela.
Ipui onac liburua Esoporen berrogeita hamar alegiaren itzulpena da, hitz lauz, eta liburuaren amaieran osabaren beste zortzi alegia jaso zituen, neurtitzetan emanak. Alegiez gain, beste zenbait testu biltzen dira, hala nola, sarrera gisa “Don Victor Munibe ta Aranguren-gori” egindako eskaintza eta “Iracurle euscaldunari” egindako hitzaurrea. Osabaren alegien aurretik, berriz, “Adigarria” izeneko oharra dago. Gainera, liburuak hiztegia dakar amaieran, bi ataletan zatitua: Bizentaren alegiei dagokiena, bata, eta osabaren alegiei dagokioena, bestea. Liburuak oso harrera ona izan zuen eta berrargitarapen ugari ezagutu ditu; gainera, alegia batzuk argitaratu ziren Manterolaren Cancionero delakoan eta zenbait aldizkaritan.
Garai hartan latinetik itzultzea ez zen lan makala, euskara arauturik ez zegoenez, euskalki desberdinen artean erabakitzea zaila baitzen. Bertsoak ere idatzi zituen. Euskara literarioaren eredua osabarengandik hartu zuen: garbia, kultua baina ulerterraza, ume eta baserritarrentzat idazten zuen eta. Fabulaz gain, iruzkin konprometituak idazten zituen, jauntxo eta baserritarren harremanak azpimarratuz, zintzotasuna eta mantsotasuna eskatuz.
Bizenta Mogelen garaiko usteen arabera, ahozko tradizioko ipuinak ez ziren egokiak, hauek ez zirelako moralaren aldetik behar bezain zuzenak. Ipuinek balio didaktikoa behar zuten, onak izango baziren. Protagonistatzat animaliak zituzten alegia klasikoak ziren “ipuin onak”; izan ere, “irakaste ederrak” ematen zituzten.
1819 eta 1832 urteen artean, Bizenta Mogelek Gabon Cantac liburua argitaratu zuen, Santiagoko elizan eta Bilboko San Frantzisko komentuan kantatzen ziren abestiak jasota. Mahn-en antologian jasoa; Espaiña-ko Gotzai-buruaren Artzai idazkia (1820) euskaratu zuen; eta Ulibarri arabarraren testuak orrazten ere lagundu zuen.
Bizkaiko Diputazioan ere itzultzaile jardun zuen, eta Bizenta Mogelen itzulpen-lan bat gorderik dago bertan.