Ikasleen interes eta  beharrak asebetetzea du helburu Bilbo Zaharra euskaltegiak ,  eta horretara bideratuko ditu metodología eta baliabide didaktiko guztiak.

Gure euskaltegian  ikaslea dugu ardatz eta ikaste-prozesu osoan lagunduko diogu sortuko zaizkion trabak eta zailtasunak gainditzen, eta lorpenei  ere ahalik eta etekin handiena ateratzen. Ikaslearen arrakasta da gure lanaren ordaina.

Arrakasta horren zerbitzura jarriko ditugu, hain zuzen ere, esperientzia handiko profesional kualifikatuak eta metodología zein baliabide aurreratuenak.

Metodologian, adostasun zabala dago nazioartean emaitza onenak  ikuspegi  komunikatiboak edota ekintza-ikuspegiak ematen dituela, alegia, eginez ikasten dela hizkuntza.  Horixe erakusten digute bai didaktika-teoria guztiek bai  euskara irakasten emandako urte luzeetako esperientziak.

Hori guztia kontuan izanda,  motibazioa, ezagutza eta erabilera parametroak  beti ere testuinguru jakinetan eta ekintza komunikatibo zehatzetan landuko dira, komunikazioa bere osotasunean ulertu behar baitugu. Bestela esanda, ikasleak beharrezko eta interesgarri zaizkion ekintzak eginez erabili eta ikasiko du hizkuntza.

Era berean, ahozko eta idatzizko komunikagaitasuna hobetze aldera,  etengabeko ebaluazio pertsonalizatua ezinbestekoa izango da  helburu lorgarriak jartzeko eta neurri eraginkorrak egokitzeko eta adosteko. Prozesu horretan guztian oso garrantzitsua izango da estrategia eraginkorren bidez hizkuntza kudeatzen ikastea,  teoria eta praktika komunikatiboak nahieran edo komeni bezala erabiltzen ikastea, alegia.

Laburbilduz, Bilbo Zaharra euskaltegiak ikaslea lagundu nahi du  hizkuntza barneratu eta erabiltzaile autonomoa izateko bidean, bide hori noski ikasleak berak egin beharko badu ere.

© 2024 Bilbo Zaharra Euskaltegia | Eskubide guztiak gordeta |

Log in with your credentials

Forgot your details?