2ª lectura continua de clásicos
18/06/2009
PERU: Jangoikuak egun onak emon daijozala.
MAISU JUAN: Bai zuri bere adiskidia.
PERU: Berori baisen jaun apaindu batek oñak imini ardan-etxe onetan? Toki au gizon baldres, zantar, aziera txarrekuentzat obia da, berori languentzat baño. Ez naz ni Jauna; abarkak oñetan, txapel bat buruban, gerrestuba gorputzian; au da nire apaindurija guztija: baña etxagun, izen onaren zalia nasan aldeti, ez oi nas sartu ardantegijetan nora ezian, premiñaz, ta ezin bestez baño, ez jakolako etxagun begiratu bati ondo egiten buruba bat egitia gizon ospetsu, burrukari, ondatzalle, alper, ta baldanakaz. Ez nau oraingiño inok ikusi ardauak igarota, gatx eginda, zabuka oñak lokaturik, ez miña motelduta, ez begijak lausotuta, asko legez euren osasun, ondasun ta arimen kaltian. Bein baño geijagotan izan nas neure erriko Buru, edo Piel, ta darda gañian erabilli daruadaz ardao saltzallak belutu, edo ondo gautu artian daukeezanian etxe barruban nekezaliak, edo ate edegijaz ardaua salduten badabe debekauta daguan orduban. Ez deust ezek gorroto ta iguin geijago emoten nekezale edan-sarri, ta ardao zaleegijak baño. Zer esan nei bada berori emen ikusita? Aserratuko ezpalitxakio jakin gura neuke nor dan, ta zek ekarri daben ona.
MAISU JUAN: Adiskidia; imini egizu txapela buruban, ta esango deutsut nor nasan. Nas bada oraiñago igaro dozun erriko Barberua, ta deitu nabee gaiso bategana. Pagau deuste bisitako errial zidarra; baña ain dollorrak izan dira, zein da ez deusten atera trago bat: alan sartu nas emen kuartillu bat atera, eta zerbait jaatera, bada urrin egiten jat neure etxia barurik biurtuteko.
PERU: Nik uste neban bene benetako andikiren bategaz berba egiten nebala; agaiti nenguan txapela buruti kenduta lotsa nintzala berba egiten. Jakin baneu lenengoti Barberu txar bat baño etziniala, ez nintzan Jaunka zugaz egongo, ez da bere buru utsian. Eta Barberu errukarri bat, ta inoren gatxaz bizi dana; gaisorik ezpadabil zer jan ez daukana, ain arro ta apaindu? Ainbeste soñoko bitxidunez, eta ori astegun buru zurijan bidez zabiltzala?
MAISU JUAN: Adiskidia, egizu berba modu obian: zuk ezdakizu zer dan Barberu izatia: lengo Barberu txaarrak ibilli oi zirian deshonretan euren opizijo onrauba; batuten zirian tabernetan ta nun nai; gitxi estudijau, ta gero ill edo bizi, errezeta bat egin, botikako asko artu eragin, erremienta txarrak euki, ta barriketa batzuk nekezaliai esanda, trago galantak ezarrita, Mediku jakitun batek baño pama geijago euki eruen. Baña gaur Medikuben pare gara. Asko aurreratu da Zirujijan. Ni egon nas Madrilgo ospitalian urte bijan. Asko ikusi dot; ta asko dakusanak, asko ikasi darua. Ostera bere dirautsut; zer dala uste dozu Barberuba?
PERU: Barberuba barberu ta mozolua mozolo. Mozolua baño nun dago egazti edertuago janzirik? Baña ezdau inos mozolo izateti urten. Soñoko apaindubak ez deutsa gaisuari osasuna emongo. Biajon dagijala nire erriko Barberubak? Bere bideko janzija da txano gorri bat ta bere ganian txapel eskerga berrogei urte eukiko ditubana. Eztabil zu legez basatzarik basatza oñetako meiakaz, ta bai zaldi, berak beste urte ditubanian. Egija da, nun nai topetan dabela bazkari ta aparija. Guztijak asko gura deutsee bere lautasuna gaiti, ta jaten dau edozein gauza baserrijetan. Autor deutsut, ardao zaletxuba dala, buruba ta barruba berotu daruazala larregi, ta ori eria dan guztijan. Baña katubagaz zutinik zuzen egon ezin danian, topetan ditubala zanak, ta eskutur sendo ta ikara bagiaz ateraten deutsala ederto odola gaisuari. Au zelan dan ez dakit, alan dala bai.
