Abenduaren 3an ospatzen den Euskararen Nazioarteko Eguna 1995ean instituzionalizatu zuten Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak. Harrezkero, euskararen erabilera eta euskara bera sustatzeko asmoz, hainbat elkarte, erakunde publiko eta herritarrek milaka ekitaldi antolatu dituzte (mahai-inguruak, erakusketak, tailerrak, azokak, mota desberdinetako ikuskizunak, aurkezpenak…) egun seinalatu horretan, Euskal Herriko bazter guztietan, euskara bultzatu eta omentzeko.
Baina, Euskararen Egunaren aldeko lehen aldarrikapenak antzinakoak dira: Errepublika garaian Eusko Ikaskuntzak, Euskaltzaleak Bazkunak bitarte, antolatutako antzerti eta olerti zein bertsolari egunak… Aipatzekoak dira, halaber, Espainiako Gerra Zibilaren ondorioz Iparraldera alde egindako euskaltzaleek zein bertokoek Euskaltzaleen Biltzarraren babespean egindako lanak. Sasoi horretakoa (1949) da, hain justu, Eusko Ikaskuntzak sortutako Lehenengo Euskararen Eguna.
Horren haritik, 2010ean, Legebiltzarrean, honako adierazpen instituzionala onartu zuten: “Euskara euskal gizartearen ondarea da, haren historiaren eta kulturaren osagarri ezinbestekoa. Baina, munduko gainerako hizkuntza guztiak bezala, eleaniztasuna ezaugarritzat duen gizadi osoaren ondare ere bada. Hizkuntzen dibertsitatea babestu nahi bada, beharrezkoa da euskara zaindu eta sustatzea”.
“Euskarak garapen historia luzea du. Hizkuntzaren aurre-historiaz, aldiz, ezer gutxi dakigu segurtasunez. Baina euskara, batez ere, hizkuntza modernoa dugu, gaurkoa eta gaurkotua, gure egungo gizarteak erabiltzen jarraitu nahi duena eta, gizartearen alor guztietan, gero eta aitortza handiagoa jasotzen ari dena. Euskararen aldeko oinarrizko adostasunetik, 1982ko Normalizazio Legean islatutakotik, itun berri bateranzko orainaldiko saioetara denbora tarte bat dago, ez oso handia, baina euskararen ezagutza eta erabileran aurrerapauso sendo eta ikusgarriak eman dira urteotan”. Aurrerago, honela zioen: “Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzean euskararen orainari eta etorkizunari leiho zabal bat irekitzen diegu, eleaniztasunak gure bizikidetzan eta gizarte-kohesioan izan dezakeen eragin onuragarriaz konbentziturik”.
Gaur egun, orain dela 20 urte baino 181.000 elebidun gehiago dago EAEn, baina euskararen ezagutza eta erabilera ez dira neurri berean hazi. Biztanleen %20k euskara erdara beste edo gehiago erabiltzen du, eta beste %8,9k euskara erabiltzen du, baina erdara baino gutxiago. Beraz, euskararen erabilera areagotzea da xedea, erabileran baitago etorkizunaren giltzarria. Aurten, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legearen 30. urteurrena ospatzen dela kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzak Euskararen Aurpegiak deitzen den kanpaina jarri du abian. Kanpaina azaroaren 24an hasi da eta abenduaren 3an bukatu, eta, horrela, bi datak uztartu dira. Kanpainaren bidez euskarak dituen aurpegi anitzen berri eman nahi da: gazteak eta ez hain gazteak, gizon eta emakumeak, bertoko jendea eta atzerritik etorritakoa… Kanpainarako egin den bideoko abestiak dioen bezala, euskarak milaka aurpegi ditu.
Horregatik, aurtengo abenduaren 3an denok egin beharko genuke ahalegin berezi bat euskaraz aritzeko txoko guztietan: etxean eta kalean, eskolan eta tabernan, lagunekin eta familiarekin, mugikorraren bidez zein twiterren bidez, erabilerak emango baitio euskarari bizia eta indarra.
Guk gure ospakizun berezia egingo dugu gure ikasleekin. Euskal abesti polit batzuk abesteko eta mokadutxo bat hartzeko gonbitea daukate, guztiok elkarrekin euskararen eguna ospatzeko, gure eguna ospatzeko.