• Noiz: Ekainak 17, 19:00
  • Non: Bilbo Zaharra karpa, Arriaga antzokiko plazan

Bernardo Atxaga, pseudonimoz, agiri ofizialetako izen-deiturez Jose Irazu Garmendia —lagunartean, Joseba— (Asteazu, Gipuzkoa, 1951ko uztailaren 27), euskal idazle entzutetsu eta nabarmena da, Euskal Herrian nahiz nazioartean. Bereziki 1988 urtean plazaratu zuen Obabakoak ipuin-bilduma izan zen ospea eman zion lana, hainbat hizkuntzatara itzulia izan dena. Geroztik egungoeuskal literaturaren erreferentzia nagusi bilakatu da, bereziki atzerrian, hainbat sari jasoz.Eleberria, ipuina, saiakera eta, neurri apalagoan,olerkigintza, antzerkia eta gidoigintza jorratu ditu.Haur literaturako lan ugari egin ditu. 2007 urtetik euskaltzain osoa da.

Bizitza

Asteasun jaioa, maistra (Izaskun) eta arotz (Jazinto) baten seme, lehen ikasketak Asteasun egin zituen. 1964an familia Andoainera aldatu zen.Batxilergoa Donostiako La Salle ikastetxean burutu zuen. Txikitatik hasi zen idazten etxean jasotako irakurzaletasunak bultzaturik, Andoaingo udal liburutegian literatura unibertsalaren obra anitz irakurri zituen eta batxilergoa ikasten ari zelarik hasi zen literatura lehiaketetarako eta eskolako aldizkarirako idazlanak egiten. 1968 urteanRikardo Arregi andoaindar kazetariaren hiletan izandako esperientziak, non Gabriel Aresti idazlea eta euskal kultura munduko beste zenbait pertsonaia bildu ziren, eragin berezia izan zuen berarengan eta euskararekiko maitasuna txertatu zion. Euskaraz alfabetatzen amak lagundu zion urte haietan. Ekonomia unibertsitate ikasketak burutu zituen Bilboko Sarriko fakultatean. Bitartean, El Norte de Castilla egunkariaren saria irabazita, Los que anhelamos escribir (euskaraz, Idaztea desiratzen dugunok) gaztelaniazko idazlana argitaratu zioten. Berehala, ordea, euskarazko lanak plazaratzen eta garaiko euskal idazleekin harremanetan hasi zen. Orobat, Verdes liburudendan lan egin zuen, non garai hartan aurktizen zailak ziren euskarazko liburuak eros zitezkeen.Bilbo hiria izan zen idazle moduan taxutu zuena; horrela, han bere bigarren jaiotza gertatu zela aipatu izan du idazleak. 1972 urteanBorobila eta puntua antzezlana idatzi zuen. Anjel Zelaietaren bitartekaritzaz, Gabriel Arestik lana irakurri eta kritika ona egin zion, euskarazko klasikoak irakurtzeko aholkua eman eta idazten jarraitzeko animatzearekin batera. Berari esker argitaratu zen beste idazlen zenbaiten lan batzuekin batera lehen idazlan hori, lehen aldiz Bernardo Atxaga pseudonimoarekin sinatuko zuena. Karrera bukatu eta 1973ko ekainean hasi zuensoldadutzaren esperientzia,frankismoaren hondarretan,trauma moduan bizi izan zuen. 1976 urtean argitaraturiko Ziutateaz lana inspiratuko ziola adierazi izan da. Soldadutzaren ondoren, Donostiako banku batean hasi zen lanean eta Koldo Izagirre idazlearekin batera Ustela abangoardiazko aldizkaria sortu zuen. 1977an idaztetik bizitzeko erabakia hartu eta bankuko lana utzi egin zuen. 1977tik 1980ra bitartean, Pott Bandaren partaide zela, talde hori argitaletxe moduan antolaturik, Etiopia poema antologia argitaratu zuen. 1980an, berriz, taldea sakabanatu zela, Bartzelonara joan zen filosofia-ikasketak egitera. Bitartean, idazten jarraitu zuen, haur literaturako bere lehen lanak plazaratuz, besteak beste. Sariak ere jasotzen hasi zen, tartean Irun Hiria Literatura Saria 1982 urtean Camilo Lizardi erretore jaunaren etxean aurkitutako gutunaren azalpena ipuinarekin, gerora Obabakoak bilduman sartuko zuena. 1983an Euskal Herrira itzuli eta 1988an, laudorioak jaso, sari handiak irabazi eta hainbat hizkuntzatara itzulia izan den Obabakoak argitaratu zuen. 1990eko hamarkadan Obabako zikloa itxi eta besteak beste Euskal Herriko gatazkari erreferentzia egiten dioten eleberriak idatzi zituen: Gizona bere bakardadean (1993),Zeru horiek (1995) eta Soinujolearen semea (2003) eta biolentziaren aurkako mezu zuzena duen eta bereziki irakurle gazteari begira idatziriko Behi euskaldun baten memoriak (1991). 1997 urtean Emory Unibertsitatean lau hilabete eman zituen irakasle moduan, Estatu Batuetako hainbat tokitan hitzaldiak emateko ere baliatu zituena. 2007 eta 2008 urteetan urtebete eman zuen Estatu Batuetan, Renon hain zuzen, non Zazpi etxe Frantzian idazlana prestatu zuen.

Bakearen eta elkarrizketaren alde duen jarrerari jarraiki, Elkarri eta Lokarri gizarte mugimenduetan parte hartu du modu aktibo eta publikoan eta Ezker Batua-Berdeak alderdiarekiko atxikimendu publikoa adierazi izan du, gerora horren baitan izandako zatiketa dela eta aldendu bada ere. 1995etik goiti, Zalduondon, Arabako lautadan, bizi da, Andoin-Luzuriaga jauregian hain zuzen. Asun Garikano euskara irakasle eta itzultzailearekin ezkonduta dago 2002 urteaz geroztik (Atxagaren idazlan zenbait itzuli ditu gaztelaniara) eta harekin bi alaba ditu, Elisabete (1998) eta Jone (2000).

0 Comentarios

Contesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

*

© 2024 Bilbo Zaharra Euskaltegia | Eskubide guztiak gordeta |

Inicia Sesión con tu Usuario y Contraseña

¿Olvidó sus datos?