2025-06-04 Uxue Alberdi, Miren Amuriza eta Nerea Ibarzabal: Bertso saioa

  • Noiz: Ekainak 4, asteazkena, 19:00
  • Non: Euskaltzaindiako areto nagusian, Bilboko Plaza Barrian

Bertso-saio literarioa

Bizenta Mogelen “Ipui Onac” liburuan oinarrituta, gaurkoan bertso-saioan izango ditugu Uxue Alberdi, Miren Amuriza eta Nerea Ibarzabal bertsolarien eskutik. Gai-jartzailea, Miren Agur Meabe eta idazlea izango da.

Uxue Alberdi

Elgoibarren jaioa 1984an.

Euskal kazetari, bertsolari eta idazlea. Elgoibarren bertan bizi izan zen 18 urte bete arte. Leioan kazetaritza ikasteko aitzakiarekin Bilbora joan zen. 2006an kazetaritza ikasketak amaitu eta hortik aurrera hainbat hedabidetan ere kolaboratzaile ari da, irrati nahiz prentsa idatzian iritzi artikuloak idazten. Itzultzaile lanetan ere dabil, baita abestietako letrak idazten. Literatur tailerrak ematen ditu. Ainhoa Agirreazaldegirekin batera Bertso Eskola Feminista martxan jarri zuen.

2003an, Durangoko “Julene Azpeitia” Bertso Paper Lehiaketa riabazi zuen. Gero, bertsolari gazteentzako 2006an Xenpelar saria eta 2008an Osinalde saria irabazi zituen.

2005ean, Igartza bekara aurkeztu eta eman egin zioten. “Aulki bat elurretan” liburua osatu zuen hala (Elkar, 2007), bere lehen liburua izan zena.

2007an, “Joseba Jaka” bekari esker, Aulki jokoa (2009) liburua idatzi zuen. 2007an ere Gipuzkoako txapelketako final aurrekoetara heldu zen.

Bestalde, 2010ean, haur literaturan sartu zen Ezin dut eta zer? (Ttarttalo) ipuina argitaratuz.

2013an Euli-giro eta, 2017 Jenisjoplin argitaratu zituen (Susa).​

2016an, Haur eta Gazte literaturan Euskadi saria irabazi zuen Besarkada liburuarekin.

Miren Amuriza

Berrizen jaioa, 1990an.

Euskal filologoa, bertsolaria eta idazlea da.

Xabier Amuriza bertsolariaren eta Arantza Plaza bertsolaritza irakaslearen alaba izanik, Miren Amuriza txikitatik bizi izan da bertso-mundutik hurbil. Hamabi urterekin hasi zen Berrizko Bertso Eskolan eta, harrezkero, hartu-eman estua izan du bertsolaritzarekin plazetan, Bertso Eskoletan, zein feminismoari loturiko hainbat ekimenetan. Hainbat aldiz parte hartu zuen Eskolarteko sariketetan, baita Bizkaiko eta Euskal Herriko Txapelketetan ere.

2002an, Bizkaiko Eskolarteko Txapelketan, Bilboko El Carmen aretoan, jendaurrean kantatu zuen lehen aldiz, eta, eskolartekotik kanpo, Andikoako auzo-afarian kantatu zuen lehenengoz 2003an; bere aitarekin eta librean.

2009an Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekotan bigarren txandara iritsi zen. Bizkaiko Bertsolari Txapelketan hiru aldiz izan da finalista, emaitzarik onena 2010eko hirugarrena izan zuen.

2017an Igartza Saria irabazi zuen Paperezko txoriak proiektuarengatik. Sari horren bekaren laguntzarekin argitaratu du Basa (Elkar, 2019) bere lehen eleberria, Sabina izeneko emakume menderakaitza protagonista gisa duena. Ondoren, Bilboko Liburu Azokaren Zazpi Kale saria jaso zuen, Basa eleberriagatik.

Euskarazko komunikabe desberdinekin kolaboratu izan du (Anboto, Zazpika, Berria, Euskadi Irratia…) eta, gaur egun, literatura tailerretan, haurren irakurle-taldeetan eta sormenari loturiko beste hainbat lanetan dihardu, besteak beste, Irati Eguren Arruti eta Malen Amenabar ilustratzailekin batera.

Nerea Ibarzabal

Markina-Xemein jaioa 1994an.

Euskal bertsolaria, idazlea eta kazetaria da. Kazetaria da ikasketaz, eta kolaborazioak egiten ditu hainbat hedabidetan: Bizkaiko Hitzan (2015-2019); Gaur 8n (2017-2019) eta 2019an Berrian (Bi Tarte atala, Txakur Gorriatik), Argian eta Euskadi Irratiko Faktoria saioan. Iritzi-emaile ibili izan da gehien bat. Bertsolaritzaz gain, bestelako diziplinetan ere aritua: prentsako kolaboratzaile, gidoilari, irratiko esatari, idazle…

Lehenengo bost urteak Zumarragan eman zituen. Gero familia aldatu zen Markinara, baserri batera. Hitzetik hortzera ikusiz, eta Lazkao Txikiren eta Pernando Amezketarraren marrazkiak ikusiz zaletu zen. Bere ama ere oso zalea izan da, bai eta amaren parteko familia guztia ere. Amarekin kotxean bertso-doinuak kantatuz eta elkarri puntuak jarriz hasi zen. 12 urterekin Bertsozale Elkartean hasi zen bertsotan Juanjo Respaldiza eta Iratxe Ibarrarekin, eta Markina-Xemeingo bertso eskolan jarraitu zuen gerora. Eskolarteko txapelketetan parte hartu eta Bizkaiko hainbat txapel jantzi zituen, baita gazte sariketetan ere. Bizkaiko Txapelketan 2012an kantatu zuen lehenengoz, eta 2014an Lea-Artibaiko txapelduna izan zen. 2016an Bizkaiko Txapelketako finalista izan zen eta Txapelketa Nagusira sailkatu zen handik. 2018an ere finalista izan zen, bota zuen bertso batean Berri Txarrak taldearen abesti baten musika erabiltzeagatik birala bihurtuz, 2021ean Bizkaiko Bertsolari Txapelketa irabazi zuen Bilboko Miribilla kiroldegian, Jone Uriaren aurka buruz-burukoa jokatuz. 2022an Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean sartu zen.

2016an Txakur Gorria sormen kolektiboa sortu zuen Mariñe Arbeo, Malen Amenabar eta Ane Labakarekin. Autosorkuntza, autoedizio, autoekoizpenerako eratu duten sormen taldea da. Hainbat argitalpen egiten dituzte eta gidoigintzan ere lan egiten dute: Hitzetik Hortzera (2018/2019, 2019/2020) ETB1en eta Kartzela web serieko gidoigile taldean. Horretaz aparte, Nereak Atera kontuak programaren gidoigintzan egin zuen lan 2018an ETB1en.

Literaturaren esparruan ere aritu da. 2022ko irailean, bere lehen nobela kaleratu zuen: Bar Gloria (Susa) Jon Martinen kritikaren arabera, maisuki lotutako metaforak kateatzen ditu, herri bateko taberna bateko giroan.

Bere lehenengo saria jaso zuen 2012an Xabat Galletebeitiarekin Plazatik Gaztetxera sariketan. Geroago, 2013an Xenpelar saria eta 2014an bertsolari gazteen Osinalde saria irabazi zituen.

Miren Agur Meabe

Lekeition jaioa 1962an.

Euskal idazle eta itzultzailea. Derioko Irakasle Eskolan ikasi zuen, Giza Zientzietan espezializaturik, eta Euskal Filologiako ikasketak egin zituen ondoren. Bilboko Kirikiño ikastolan hainbat urtez ibili zen irakasle, eta 1990 urteaz geroztik Giltza-Edebé argitaletxean argitalpen zuzendaritzako eta kudeaketako lanetan ere aritu zen. Egun, literatura-sorkuntzan, itzulpengintzan eta idazkuntzari lotutako jardueretan ari da buru-belarri. Idazle gisa, arlo bitan da ezaguna: poesian eta haur eta gazte literaturan. Landu ditu beste genero batzuk ere: ipuingintza eta eleberria, adibidez.

Bere ibilbidean zehar, hainbat sari lortu ditu. 2021ean, Miren Agur Meabek Espainiako Poesia Saria jaso zuen Nola gorde errautsak kolkoan lanagatik; euskarazko liburu batek sari hori jasotzen zuen lehen aldia izan zen.

Bere testuetako batzuk hainbat hizkuntzatan itzuliak izan dira, baita braillera ere.

2006tik Euskaltzain urgazlea izan da, 2022ko otsailaren 25era arte, noiz euskaltzain osoa izendatu zuten.

Inicia Sesión con tu Usuario y Contraseña

¿Olvidó sus datos?