“Ipui Onac: Hiru aldiz klasiko”

“Klasiko” hitza, Mendebaldeko kulturan, ezinbestean lotzen dugu antzinako greziar eta erromatar zibilizazioetan sortutako artista eta lanekin, besteak beste, filosofian (Platon, Aristoteles), historian (Herodoto, Tito Livio) edota literaturan (Homero, Ciceron).

Greziak eta Erromak osatzen dute Europako mundu klasikoa. Testuinguru horretan, Seve Callejak dio alegia (fabula) dela “Mendebaldeko tradizioaren literatura-generorik primitiboenetakoa”, eta aipatzen du Esopo greziarra izan zela, k.a. I. mendean, alegia-bilduma bat publikatu zuen lehen autorea.

Urte asko geroago, 1804. urtean, Bizenta Mogelek Esoporen 50 alegia itzuli zituen latinetik euskarara. Artean ez zen ohikoa emakumeek irakurtzen jakitea, are gutxiago latina ikastea. Obra horrekin bihurtu zen Bizenta Mogel euskaraz liburu bat argitaratu zuen lehen emakumea. 22 urte besterik ez zituen.

Hori guztia kontuan hartuta, esan dezakegu hiru aldiz klasiko dugula Ipui onac:

  • Euskal literatura eta Europako literatura klasikoa lotzen dituelako.
  • Alegia literatura-genero primitiboari lekua egiten diolako.
  • Emakume batek euskaraz publikatutako lehen obra dugulako.

Euskaltzaindiak honela definitzen du alegia:

“Euskaraz, alegi(a) hitzez izendatu da gazteleraz fábula eta frantsesez fable deitzen den kontaera generoaren azpimota. (…) Alegiak kontakizunak dira, maizenik abereak dira protagonistak, eta irakastea dute helburu (bizitzako gauzak, ohitura onak eta abar). Kontakizunari aterabide morala darraio, bukaeran formulatua batzuetan (gazt. moraleja, fr. moralité)”.

Log in with your credentials

Forgot your details?