• Noiz: Martxoaren 14an, asteartea, 19:00
  • Non: Euskaltzaindiako areto nagusian, Bilboko Plaza Barrian

Bertso-saio literarioa

“Kristalezko begi bat: gaurko literaturaren ikur” zikloaren barruan, gaurkoan bertso-saio literarioa izango dugu, Ane Labaka eta Nerea Ibarzabal bertsolarien eskutik. Gai-jartzailea, Uxue Alberdi bertsolari eta idazlea izango da.

Uxue Alberdi

Elgoibarren jaioa 1984an.

Euskal kazetari, bertsolari eta idazlea. Elgoibarren bertan bizi izan zen 18 urte bete arte. Leioan kazetaritza ikasteko aitzakiarekin Bilbora joan zen. 2006an kazetaritza ikasketak amaitu eta hortik aurrera hainbat hedabidetan ere kolaboratzaile ari da, irrati nahiz prentsa idatzian iritzi artikuloak idazten. Itzultzaile lanetan ere dabil, baita abestietako letrak idazten. Literatur tailerrak ematen ditu. Ainhoa Agirreazaldegirekin batera Bertso Eskola Feminista martxan jarri zuen.

2003an, Durangoko “Julene Azpeitia” Bertso Paper Lehiaketa riabazi zuen. Gero, bertsolari gazteentzako 2006an Xenpelar saria eta 2008an Osinalde saria irabazi zituen.

2005ean, Igartza bekara aurkeztu eta eman egin zioten. “Aulki bat elurretan” liburua osatu zuen hala (Elkar, 2007), bere lehen liburua izan zena.

2007an, “Joseba Jaka” bekari esker, Aulki jokoa (2009) liburua idatzi zuen. 2007an ere Gipuzkoako txapelketako final aurrekoetara heldu zen.

Bestalde, 2010ean, haur literaturan sartu zen Ezin dut eta zer? (Ttarttalo) ipuina argitaratuz.

2013an Euli-giro eta, 2017 Jenisjoplin argitaratu zituen (Susa).​

2016an, Haur eta Gazte literaturan Euskadi saria irabazi zuen Besarkada liburuarekin.

Ane Labaka 

Lasarte-Orian jaioa 1992an.

Euskal bertsolaria eta idazlea. Euskal Ikasketetako Gradua bukatu zuen 2016an EHUn (Gasteiz). Egun, euskara irakasle, itzultzaile, hezitzaile eta bertso-eskolako irakasle bezala dihardu. Lasarte-Oriako bertso-eskolako eta Donostiako Dokako bertso-eskolako partaidea da. Gidoigintzan ere aritzen da. Genero-ikuspegia txertatzeko ikerlaria ere bada.

Gizarte Antropologia  masterra egin zuen (EHU) eta master amaierako lana bezala “Bertsolari Txapelketa Nagusiko umorea aztergai, genero-ikuspegitikaurkeztu zuen. Bertan, sexu-genero sistemaren eragina aztertu zuen, bertsolaritza, humorea, emakumeak eta potere-harremanen arteko loturak aztertuz. Bere bizipenak kontatzeaz aparte, hamaika emakune elkarrizketatu zituen: Ainhoa Agirreazaldegi, Uxue Alberdi, Onintza Enbeitia, Maialen Lujanbio, Alaia Martin, Amaia Agirre, Bea Egizabal, Nerea Elustondo, Aitziber Garmendia, Idoia Torregarai eta Irantzu Varela. ​

2016an Txakur Gorria sormen kolektiboa sortu zuen Mariñe Arbeo, Malen Amenabar eta Nerea Ibarzabalekin. Autosorkuntza, autoedizio, autoekoizpenerako eratu duten sormen taldea da. Hainbat argitalpen egiten dituzte eta gidoigintzan ere lan egiten dute: Hitzetik Hortzera (2018/2019, 2019/2020) ETB1en eta Kartzela web serieko gidoigile taldean.

2019an finalista izan zen Gipuzkoako Bertsolaritza Txapelketan. 2021ean Algara mutilatuak saiakera argitaratu zuen.

Nerea Ibarzabal

Markina-Xemein jaioa 1994an.

Euskal bertsolaria, idazlea eta kazetaria da. Kazetaria da ikasketaz, eta kolaborazioak egiten ditu hainbat hedabidetan: Bizkaiko Hitzan (2015-2019); Gaur 8n (2017-2019) eta 2019an Berrian (Bi Tarte atala, Txakur Gorriatik), Argian eta Euskadi Irratiko Faktoria saioan. Iritzi-emaile ibili izan da gehien bat. Bertsolaritzaz gain, bestelako diziplinetan ere aritua: prentsako kolaboratzaile, gidoilari, irratiko esatari, idazle…

Lehenengo bost urteak Zumarragan eman zituen. Gero familia aldatu zen Markinara, baserri batera. Hitzetik hortzera ikusiz, eta Lazkao Txikiren eta Pernando Amezketarraren marrazkiak ikusiz zaletu zen. Bere ama ere oso zalea izan da, bai eta amaren parteko familia guztia ere. Amarekin kotxean bertso-doinuak kantatuz eta elkarri puntuak jarriz hasi zen. 12 urterekin Bertsozale Elkartean hasi zen bertsotan Juanjo Respaldiza eta Iratxe Ibarrarekin, eta Markina-Xemeingo bertso eskolan jarraitu zuen gerora. Eskolarteko txapelketetan parte hartu eta Bizkaiko hainbat txapel jantzi zituen, baita gazte sariketetan ere. Bizkaiko Txapelketan 2012an kantatu zuen lehenengoz, eta 2014an Lea-Artibaiko txapelduna izan zen. 2016an Bizkaiko Txapelketako finalista izan zen eta Txapelketa Nagusira sailkatu zen handik. 2018an ere finalista izan zen, bota zuen bertso batean Berri Txarrak taldearen abesti baten musika erabiltzeagatik birala bihurtuz, 2021ean Bizkaiko Bertsolari Txapelketa irabazi zuen Bilboko Miribilla kiroldegian, Jone Uriaren aurka buruz-burukoa jokatuz. 2022an Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean sartu zen.

2016an Txakur Gorria sormen kolektiboa sortu zuen Mariñe Arbeo, Malen Amenabar eta Ane Labakarekin. Autosorkuntza, autoedizio, autoekoizpenerako eratu duten sormen taldea da. Hainbat argitalpen egiten dituzte eta gidoigintzan ere lan egiten dute: Hitzetik Hortzera (2018/2019, 2019/2020) ETB1en eta Kartzela web serieko gidoigile taldean. Horretaz aparte, Nereak Atera kontuak programaren gidoigintzan egin zuen lan 2018an ETB1en.

Literaturaren esparruan ere aritu da. 2022ko irailean, bere lehen nobela kaleratu zuen: Bar Gloria (Susa) Jon Martinen kritikaren arabera, maisuki lotutako metaforak kateatzen ditu, herri bateko taberna bateko giroan.

Bere lehenengo saria jaso zuen 2012an Xabat Galletebeitiarekin Plazatik Gaztetxera sariketan. Geroago, 2013an Xenpelar saria eta 2014an bertsolari gazteen Osinalde saria irabazi zituen.


0 Comments

Leave a reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

© 2024 Bilbo Zaharra Euskaltegia | Eskubide guztiak gordeta |

Log in with your credentials

or    

Forgot your details?

Create Account