- Noiz: Azaroaren 17an, ostirala, 19:00
- Non: Bidebarrietako liburutegian
“Musika eta hitza” BNYB (Bilbao – New York bilbao)
Iaz bete ziren 25 urte Mikel Urdangarinek bere lehen diskoa publikatu zuenetik (Haitzetan, 1997). Urteurrena ospatzeko, Badena eta ez dena bilduma argitaratu zuen, eta Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin batera kantatu zituen bertako abestiak.
Musikagintzan egin duen ibilbide oparoan zehar, Mikelek beti izan du ondoan Kirmen Uribe. Besteak beste, idazle ondarroarraren letrak abestu ditu ondorengo diskoetan: Bar Puerto (2001), Zaharregia, txikiegia agian (2003), Jainko txiki eta jostalari hura (2014) eta Izurdeen lekua (2020).
Bilbo Zaharra Forum ekimenean ere elkarrekin aritu ziren Urdangarin eta Uribe, 2015. urteko ekitaldian. Bakar-bakarrik oraingoan, musikaren eta literaturaren arteko harremana izango du hizpide Mikelek.
Mikel Urdangarin
Zornotzan jaioa 1971ean.
Gaztetatik erakutsi du musikarekiko zaletasuna eta gaur egun, afizio horretatik bizitzeko aukera dauka. Hasierako pasio berdinez, urtetik urtera haziz doa Mikel, eta barnetik sortzen zaizkion letrei musika ipiniz gozatzen du. Egungo abeslaririk garrantzitsuenetakoa. Azken diskoak “Azule” du izenburua.
Ondo landutako sinpletasunetik lortu du jendearengana iristea Mikel Urdangarinek. Herri tradiziokoak diruditen abestiak egiten asmatu du, gitarra helduleku nagusi duelarik. Folk ukituekin baina popetik gertu, egungo kantautorerik garrantzitsuenetakoa da. Badira hiru aste (Gaztelupeko Hotsak, 1998) eta Espilue (Gaztelupeko Hotsak, 2000) azken hamarkadako diskorik arrakastatsuenen artean daude.