Duela zazpi urte Axularren Gero izan genuen irakurgai, duela sei Mogelen Peru Abarca, duela bost Jon Miranderen Haur besoetakoa, duela lau Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso, duela hiru Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox, duela bi Bernardo Atxagaren Obabakoak, iaz Gabriel Arestiren Harri eta herri eta aurten Joseba Sarrionandiaren Narrazio guztiak eleberria izango dugu irakurgai. BILBO ZAHARRA euskaltegiko ikasle-irakasleok oso pozik gaude, eta harro, “Klasikoen irakurraldi etenik gabea” ekimena gero eta indar handiagoa hartzen ari delako eta, horrenbestez, pixkanaka-pixkanaka, geure helburua (klasikoen balioak eta gaurkotasuna aldarrikatzea-eta , alegia) betetzen ari garelako.

Zer irakurri erabakitzeko orduan, lehenengo lau edizioetan, ordena kronologikoaren irizpidea baliatu genuen. Hots, XVI. mendeko liburu batekin hasi, XVII. mendeko beste batekin segi, XIX. mendearen erdira iritsi eta ia XXI. mendean bukatu genuen. Hiru jauzi izan ziren,
bi, ehun eta hirurogei urtekoak, eta bat, berrogeita hamarrekoa, euskal literaturaren historian barrena. Azkenengo hiru edizioetan, aldiz, bestelako irizpidea baliatu dugu.

 Zergatik panpoxen kasuan, emakumezko literaturaren aitzindari izatearena; Obabakoak-enean, argitaratu zeneko 25. urteurrena ospatzearena; iaz, berriz, euskal poesiari ateak zabaltzea eta, bidenabar, liburuaren 50. urteurrena ospatzea; eta aurten, aldiz, Joseba Sarrionandiak narrazioen ibilbidea bukatu zuenetik 25. urteurrena izatea.

Beraz, hauxe izan da gure ibilbidea:

  • Gero (1643)
  • Peru Abarca (1802)
  • Haur besoetakoa (1959)
  • Hamaika pauso (1995)
  • Zergatik panpox (1979)
  • Obabakoak (1988)
  • Harri eta herri (1964)
  • Narrazio guztiak (1979 – 1990)

 

Egia da “klasikoa” hitz labaina dela eta ez dela erraza zein garai biltzen duen jakitea. Eta hala, ez litzateke harritzekoa norbaitek 1979 – 1990 bitartean idatzitako liburu bat Narrazio guztiak liburuaren kasua, hain zuzen) klasikotzat ez hartzea. Gu ez gara eztabaida horretan sartuko. Joseba Sarrionandiaren lana euskal literaturako mailarik gorenean dago eta merezi du gure ekimenaren ateak parez pare zabal diezazkiogun.

 

© 2024 Bilbo Zaharra Euskaltegia | Eskubide guztiak gordeta |

Log in with your credentials

Forgot your details?