Mariasun Landaren hitzetan, zer den eta zer ez den Haur eta Gazte Literatura:
- Haur eta gazte literatura da haur eta gazteek ere irakur dezaketena.
- Ez dira gauza bera haur eta gazte literatura eta haurrentzako liburuak.
- Haurrentzako liburu guztiak ez dira literatura; hala nola irudimenezkoak, dibulgaziozkoak, liburu-jostailuak,…
- Ez dira gauza bera haur eta gazte literatura eta literatura ligh-a.
- Haur eta gazte literatura ez da hitz konplikaturik gabeko literatura; ez da hizkuntza lantzen ez duena; ez da gai zailik edo konplikaziorik gabea.
- Haurraren eta gaztearen adierazpen- eta ulerpen-aukerak bereganatzen dakizkien literatura da.
- Haur eta gazte literatura da haur eta gazteek errealitatea eta mundua interpretatzeko dituzten moduak jasotzen dituena.
- Haur eta gazte literatura da munduan gertatzen diren eta haur eta gazteei gertatzen zaizkien gauzetan egoteko duten modua jasotzen duena.
- Haur eta gazte literatura ez da protagonista haurra edo gaztea duen literatura.
- Haur eta gazte literatura eta didaktika ez dira gauza bera.
- “Haur eta gazte literatura ez da pastilla pedagogiko bat letrazko paperean bildua, literatura baizik, hau da, mundua hizkuntza bihurtua”. (Christine Nöstlinger)
- Haur eta gazte literatura ez da haurrentzat idazten dena, neska-mutilek bereganatzen dutena baizik.
- Liburu asko dira haur eta gazteentzat idatzi ez baina hainbat belaunalditako haur eta gazteek beren egin dituztenak; hala nola, Julio Vernerenak, Alejandro Dumasenak, Charles Dickensenak, Jack Londonenak,…
- Liburu asko dira haur eta gazteentzat idatzi baina hainbat belaunalditako haur eta gazteei interesatzen ez zaizkienak.
- Haur eta gazte literaturaren hartzaileek literatura orokorra idaztean geure buruari eskatzen diogun zorroztasun literario berbera merezi dute.
- Pertsona heldu batek Karamázov anaiak irakurtzean sentitzen duen emozioa bezain gogoan hartzekoa da haur edo gazte batek Printze txikia irakurtzean sentitzen duena.
- Haurrentzat /Helduentzat bereizketak ez dio ezertxo ere eransten esperientzia edo emozio literarioari.
- Haur edo gazte literatura ez da trantsizio-literatura bakarrik.
- Haur edo gazte literatura idaztea erronka estilistikoa da idazle ororentzat.
- Haur edo gazte literatura idaztea adierazpidea eta komunikabidea da idazlearentzat; bere barneko mundua, bere balioak, baita bere inkontzientea ere bideratzeko modu bat.
ESANDAKOEZ GAINERA
- Zergatik dugu gustuko errealitatean sekula gertatu ez diren narrazioak irakurtzea?
- Zer dela eta bereganatzen dute hain gartsuki gure arreta, sekula gertatu ez diren historia batzuek?
- Zergatik partekatzen ditugu, zeharka bederen, bizitzan esperimentatu nahi ez ditugun sentimenduak?
- Nolatan nekatzen dugu hainbeste burua, izan ezin diren gauzak irudikatzen
- Irakurtzearen zentzua zerbait misteriotsua da.
- Bizirik irautea ez dugu aski, gehiago nahi dugu.
- Nahiago dugu zerbait ezinezkoa, fantastikoa, liluratzeraino ederra, iradokitzailea, gure fikzio-nahia bideratzeko gauza dena.
- Nahiago dugu gauzak diren bezala direla pentsatzeari uko egitea.
- Nahiago dugu bizitza den modukoa dela pentsatzeari uko egitea.
- Haur eta gazte literaturako irakurgaiekin, garena baino gehiago izatea bilatzen dugu: beste begi batzuekin ikusi, beste irudimen batzuekin irudikatu, beste bihotz batzuekin sentitu.
- S. Lewis-en hitzetan, leihoak eta ateak nahi ditugu. Ate eta leihoen ostean, emozioak daude: beldurra, poza, askapena, haserrea,…
- Bruno Bettelheim: “Haurrarentzat, desira sortzen duena baino gauza egiazkoagorik ez dago.”
- Haurrek fikzioa behar dute errealitateaz jabetzeko.
- Literaturak balio hezitzaile handia du pertsona batzuen izaera eratzeko, hots, pertsona batzuen bizitza narrazio gisa ulertzeko.
- Ezin dugu onartu gure bizitza gertaeren hurrenkera hutsa izatea, hots, gertaeren hurrenkera zatitua izatea. Ezin dugu onartu gure bizitza kaotikoa izatea.
- Gure bizitzari zentzua eman nahi diogu; zentzua eman behar diogu.
- Narrazioari bere egitura edo estruktura ebasten diogu kaosa baino are kaotikoagoa den zera –bizitza bera, alegia– antolatzeko.
- Lengoaiak hainbat dohain ditu gure izatea narrazio gisa eraikitzeko orduan: oihartzunarena, errepikapenarena, hausnarketa patxadatsuarena, barne-elkarrizketarena,…
- Beste hainbat dohain: elkarrizketa intimoa, erantzuteko estimulua, dibagatzeko gonbita, bestek kontatzen diguten esperientziekin alderatzeko deia.
ETA BUKATZEKO
- Literatur esperientzia ez da guk nahi dugun bestetan gertatzen. Ez da guk eragin, iragarri edo programa dezakegun esperimentua.
- Modu sinplista batean adierazia bada ere, bi modu daude haur eta gazteentzat idazteko:
- Idazle helduarena, haur eta gazteengana jotzen duena haientzat interesgarriak izan daitezkeen gaiak hautatuz.
- Beren mundutik, beren premiatik beretik sortu den zerbait idazten duten idazleena, eta gero, haurrekin edo gazteekin bat egiten duena.
- Zer dute haurrek eta gazteek bereganatzen dituzten liburuek? EMOZIOA.
- Emozioa, hunkitzen gaituenaren zentzuan.