EUSKARAZ ARGITARATUTAKO LEHEN LIBURUA

“EUSKARA JALGI HADI PLAZARA”

Aurten aukeratutako liburua Bernat Etxepareren Linguae Vasocnum Primitiae (1545) da, eta beraren bidez, literaturgintzako bi ezaugarri azpimarratu eta nabarmendu nahi ditugu: batetik, lehen liburua izatearen garrantzia, eta bestetik, poesia herrikoiaren eredu izatea.

Hamabost poemaz osatutako bilduma bat da, 52 orrialde guztira, eskaintza moduko hitzaurre labur batekin. Latinezko izenburu horrek «euskararen hastapenak» esan nahi du. Lehenengo poema luzean gai erlijiozkoa darabil, hurrengo hamaiketan amodiozkoa, sarri gordintasun betean azaldua. Hamahirugarren poema autobiografikoa da (kartzelako egonaldia), eta azken bietan euskararen goraipamena egiten du, lehen aldiz inprimategira eramaten zelako bozkarioz betea. Euskara Garazikoa da ia oso-osorik, eta neurkerari dagokionez, gehienetan, 15 silabako bertso-lerro luzeak ontzen ditu bi ataletan banatuak. Bertso-moldea eta gaien erabilera herrikoia da erabat, eta antz handia du lirika herrikoiarekin.

-Lehenengo bi poemetan, gai erlijiozkoa. 595 bertso. Horra, adibidez, «Judizio jenerala», heriotzak handiak eta txipiak  erdindu egiten gaituela gogoratzera datorrena.

-Hurrengo hamarretan, amodiozkoa. 403 bertso. Horra, adibidez, «Emazten fabore», emakumeen aldeko aldarrikapenekin.

-Hamahirugarren poema autobiografikoa da, 102 bertso, «Mosen Bernat Etxepareren kantua», kartzelaren esperientzia  gogorra kontatzen duena.

-Azken bietan euskararen goraipamena egiten du. 59 bertso. «Kontrapas», euskararen laudoriozko kantu alai eta baikorra da.

-Gehienak 15 silabadun laukotan egin zituen, zortzigarren silaban ebakia dutela.

Aurelia Arkotxak egindako analisi paratestual eta materialaren arabera liburuaren estalia XVI. mendekoa zen, eta bi azaletan agertzen zen armarria Luis I.a Borboi-Condéko gerlari kalbinistarena zen, Joana III.a Albretekoa Nafarroako erreginaren koinatua zena. Zenbaitek Hitako artziprestearen eta Etxepareren arteko kidetasuna nabarmendu du. Hain zuzen ere, Eduardo Gil Beraren arabera, Yon Etxaide izan zen bi idazleak lotzen lehenbizikoa bere Amasei seme Euskalerri’ko liburuan (1955), ondoren Koldo Mitxelenak jarraitu ziolarik, azkenerako literatura historiografian ohiko iritzi bilakatu arte. Villasanteren arabera, «Quien lee a Dechepare y conoce por otra parte a otra gran figura de la literatura castellana medieval, al famoso arcipreste de Hita y su Libro del Buen Amor, no se puede resistir a la idea del gran parecido o analogía que existe entre ambos. El arcipreste de Hita canta en su libro los dos amores, el amor bueno o de Dios, pero canta y describe también, y en forma bien libre por cierto, el amor malo o mundano. Lo mismo viene a hacer Dechepare». Baina, eraginei dagokienez, ezin dira ahaztu beste zenbait poeta ere, François Villon, Clément Marot eta Proventzako trobadoreak, esaterako.

Etxepareren lana Patxi Altunak honela laburbildu zuen: « Tradizio luze baten ondorengoa da, noski, gure poeta, ez bat-batean sortu eta erpina jo duen bertsogintza dotore eta bikainaren fruitua. Lehenagokorik ez dugu ezagutzen, baina izan zuen nahitaez. Horrelako poetarik eta batez ere horrelako bertsogintzarik ez da sortzen, ezin daiteke sor, goizetik gauera. Hori egia. Baina aldi berean Etxepareren ondorengoen artean gure poetak bezalako bertso eder, zailu eta apainik —formaz ari bainaiz—, 4/4//4/3 eskemari harenak bezain hertsiki loturik, aho hizkeraren hitz andanei hark adina begiramen izan dienik,» hitz batez esateko, egunoroko euskarari hark bezain bortxa gutxi eragin dionik, nekez aurki daiteke; gauzak diren bezala esateko, nekez aurkitu bakarrik ez; ez da erabat, nik ez dut bederen ezagutzen, gerokoen artean puntu horretan haren kidekorik. Ziburuko Etxeberriri, bakarra aipatzeko, alde izugarria kentzen dio. Eta hau ere tradizio hari baten, luzeagoaren, seme zen, noski. Badu Etxeparek, beraz, lehendik hartuari bere aldetik erantsi dion balio, gaitasun eta dohain franko ere; badu, agian, berari bakarrari, bere etorriari, goi argi edo goi arnasari, dagokion alderdirik ere. Tradizioari asko zor dio haren bertsogintzak, baina hark euskal bertsogintzari ekarria ere ez da inola urri izan.

Horra Koldo Mitxelenaren iritzia: “Etxepare poeta ona da. Haren poesia ez da edertasun biluziaren ispilu, baizik eta arrea, lohia, giza gorputz-arimen hondar zikinak, urre izpiz nahasiak, igeri daramatzan erreka.”

Orixe: Dechepare ez da biotzaldi aundiekiko poeta, baino bai leguna, itz utsik eztuna, jasoa, lenbizikoa ez ezik, gaurkoa ere izateko; idaztankera lasterra ta muinduna du, ebakia ta adi-erraza. Neurria erderaren cuaderna via maizenik, eta neurtitza amasei silabaduna, kantatu gabe mingatzeko nonbait-orkoa. Joale-antzo miin-bakarra dena.

Lehen liburua izatearen garrantzia:

-Gure literaturaren lehengurasoa.

-Etxeparek badaki lehen euskal idazlea dela eta harro dago horretaz.

-Azken bi poemetan euskararen goraipamena egiten du, bozkarioz betea, estraineko aldiz inprimeriara ematen zelako.

-Konfiantza agertzen du ordura arte ezkutuan eta gutxietsirik egondako hizkuntza harro eta lotsarik gabe agertuko dzela mundu zabalera.

-Euskalduna zenbait jakintza-gaitan trebea izan arren, ordu arte inortxo ere ez zen saiatu bere hizkeraren «faboretan», euskeraz idatzi eta argitara ematen.

-Euskarak ez omen zuen deusik balio gauzak azaldu eta adierazteko.

-Horrela zegoen euskara: etxekoek ezetsia eta kanpokoek aintzat hartu gabea.

-Horra Etxepareren xedea bere koplak antolatzerakoan: Jakin dezala munduak euskaldunek badutela beren hizkuntza, «berzek bezala»,hitzez eta idatziz erabili daitekeena.

-Berce jendek uste zuten ezin scriba zateien…

-… orain hura iganen da berce ororen gainera.

-Oraindaino egon bahiz imprimitu bageric…

-orai, aldiz, izanen iz orotako lehena.

Poesia herrikoiaren eredu

-Euskal olerkigintza idatziaren aitzindaria.

-Bertso tajukera eta gaien erabilera herrikoia da erabat, eta antz handia du lirika herrikoiarekin.

– Tradizio luze baten ondorengoa da, baina hark euskal bertsogintzari ekarria ere ez da inola urri izan.

-Bertsolaritzako teknika erabili zuen.

-Haren asmoa zen, segurki, poemak kantatuak edo errezitatuak izatea.

-Etxepareren metrika zortziko handiaren aurrekaria izan zen.

© 2024 Bilbo Zaharra Euskaltegia | Eskubide guztiak gordeta |

Log in with your credentials

Forgot your details?