1957. urtean argitaratua, Leturiaren egunkari ezkutua dugu lehen euskal nobela modernoa. Halaxe jaso du Ur Apalategik Auñamendi entziklopediako sarreran (“Txillardegi da gure nobelagintzako lehen autore modernoa”) eta halaxe idatzi zuen Koldo Mitxelenak liburuaren hitzaurrean (“mugarri baten antzera lur berriaren seinalea eta ezaugarria dugu”).
Leturiaren egunkari ezkutua-k berrikuntza handia ekarri zuen euskal literaturan bai formaren aldetik bai gaien aldetik. Izan ere, lehendabiziko aldiz, eta lau urtarotan zatitutako narrazioan (udalehena, uda, udazkena eta negua), eleberriak protagonista konplexu baten (Joxeba Leturiaren) barne-gatazkak jorratzen ditu.
Nobela “bere giroko seme da” (Txillardegi, 1977ko hitzaurrean). Existentzialismoa zen garaiko korronte filosofiko-literario nagusia, eta eleberrian nabaria da testuinguru horren eragina. Egileak berak aitortu zuen garai hartan erreferente izan zituela, besteak beste, Jean Paul Sartre filosofoa eta Albert Camus idazlea. Leturiaren egunkari ezkutua, azken finean, munduan izateari (existentziari) buruzko gogoeta da.
Liburu honekin, Txillardegik sorkuntzarako zelai berria zabaldu zuen krisi sakonean zegoen Euskal Herrian (gerraostea, diktadura, errepresioa…), eta euskal literatura XX. mendeko joera nagusiekin bateratu zuen (existentzialismoa). Horrela bada, bidea urratu zuen ondoren etorri ziren idazle handientzat (Saizarbitoria, Atxaga…).
Euskal literaturaren ibilbidean, hortaz, mugarria izan zen Leturiaren egunkari ezkutua, eta Klasikoen Irakurraldi Jarraituko XIX. edizioan ekarpen hori omendu nahi dugu. Beti ere, orain arte egin dugun bezala, bestelako alor eta eztabaiden gainetik, euskara eta literatura aintzakotzat hartu nahi ditugu.