Euskaldun fededun kontzeptua

Apaiza izan da garai luzeetan baserritarren “benetako intelektuala”, sermoia baitzen herri xeheak kultura edo politikarekin zuen harreman ia bakarra; pulpituak osatzen du, jende gehiena analfabetoa den eta prensa idatziak oraindik abiada hartu ez duen garaian, helduentzako eskola bakarra, herri mentalitatearen labea. Eremu sakratuan eta Jainkoaren bitartekari baten ahotik jasotzeak mezuaren transzendentzia eta egiazkotasuna bermatzen du. Penitentziaren sakramentuak, berriz, fededun bakoitzaren pentsamendu eta ekintzak ondo kontrolatua izatea dakar. Eta ezin zuen inork kontrol horretatik ihes egin, besteak beste nahitaezkoa baitzen urtero Pazkoan aitortu eta jaunartu izanaren agiria –“txartela”–, eta horretarako ezinbestekoa zen aurretik dotrina-azterketa apaizarekin gainditua izatea. Herri-misioen boterea, berriz, ezin da gutxietsi: herri txiki baztertuetan bezala handietan, jendea hunkitzeko, aztoratzeko eta bereganatzeko Elizak erabili zuen teknika eraginkorrena dugu, zalantzarik gabe.

Mugimendu kontrailustratuak, gainera, hazia ereiteko zeharo prestatua aurkitu zuen lurra. Aurreko mendeetatik zetorren tradizio apologetikoa berrindartu besterik ez zuten egin behar, eta egin ere, neurri handian euskaraz egin zuten. Erraz ikus daiteke Elizaren ekintzak azken mendeetan halako arrakasta izan badu Euskal Herrian, besteak beste, beren ideiak hedatzeko euskara erabili duelako izan dela. Hori egin duen bakarra izan da, euskal ilustratuak eta foruen eta euskara beraren apologista gehienek erdaraz aritu izan baitira. Erabili ez ezik, elizgizon ugarik –beti ere ebanjelizaziorako bitarteko egoki bihurtzeko– euskara landu, aztertu eta garatu izan dute: euskalki guztietako prosa idatziaren sortzaileak dira, azken finean.

Doktrinamendu biziak eta gehiengoaren –baserriko jendearen – atxikimendua lortzeko era horrek arrakasta itzela izan zuela ezin ageriago uzten du Lehen Gerrate Karlistan gertatutakoak. Hemen, Espainiako beste tokietan ez bezala, herri xehearen gehiengoak hartu zuen parte sutsuki –askotan eliz-gizonen gidaritzapean– Erregimen Zaharraren defentsan, Karlosen aldeko borrokan. Kleroaren eta herritarren arteko lotura hertsiari esker, lehenengoak erraz lortzen zuen nekazari jendea mobilizaziora eramatea: nahikoa zen borrokarako kausa erlijioaren defentsarekin estuki lotzea, eta baita mundu honetan erlijioaren bermatzaile den errege absolutuaren iraupenarekin ere (eta foruekin, gero), jendetza handia armetara eta defensa aktibora bultzatzeko

XIX. mendean zehar bereziki, nekazariaren bizimoduaren laudorio literarioa etengabea da, eta, era berean, baserritarra aurkezten da euskaldunaren arketipotzat. Bistan da modernitatean, aldaketa soziopolitiko eta ekonomikoak abailan doazela, nekazaria dela tradizioa, jarraikortasuna, aldatu gabea errepresentatzen duena; “betiko” bizimodua, edo bizimodu “naturala”, hitz batean. Historiatik at dagoen ikuspegi esentzialista gailentzen da horrela.

taldea

Baserritarrak Naturatik eta Jainkoarengandik hurbilen dauden gizakiak direla esatea, “esentzien zaindari”tzat erretratatzea, bidea egitea da indar kontserbatzaileek erabil ditzaten. Eta hain zuzen ere baserriaren eta baserritarren laudorioa ezin hobeki etorri zitzaien karlistei, fueristei nahiz lehenengo nazionalistei, eta gogotik ustiatu zuten tradiazioaren gordailuen ideializazio hori. Baina zentzu horretan elizgizonek egin zuten lana ez zen makalagoa izan. Elizak nekazariak kristautzeko, bereganazeko, erabili zituen estrategia semantikoen artean, funtsezkoa izan zen –Euskal Herrian behintzat– aitzurlariaren ogibidea duintasunez janzteko saioa. Bidea erdi egina zuten lehendik ere: han zeukaten dagoeneko jatorrietako erlijioa eta jatorrietako hizkuntza; horiei hasiera-hasierako lanbidea gehitzea baino ez zen geratzen. Baserritarrak lehenengo gizonarekin, Adanekin, eta, beraz, Jainkoarekin, lotzen zituen hari narratiboa aurkeztu zuten elizgizonek; beraz, baserritarraren bizimodu jatorrizkoa, lehenengoa, Jainkoak nahi duen bizimodu ona da.

Espainian nahiko gauza arrunta da “integrismo” terminoa, katolizismoari dgokionez, soilik 1888an karlismoaren eskuinaldetik sortu zen “alderdi politiko integrista”rekin erlazionatzea. Integrismo katolikoa, lehenik eta behin Europako Modernitatearen balio eta praktiken kontrako erreakzioa da; funtsean orain arte Kontrailustrazioa deitu dugunarekin bat dator, integrismoaren adiera zabalagoa bada ere. Pentsamendu askatasuna, doktrina askatasuna, adierazpen askatasuna, mugimendu askatasuna… guztiak zeharo deitoragarritzat jotzen ditu, Egia Absolutuaren –hau da, fede katolikoaren– aurka aritzeko amarru deabruzkoak besterik ez baitira. Modernizazio-prozesuak sakratua eta profanoa argi bereizi nahi ditu, eta hori barkaezina da pentsamendu integristarentzat. Gizarteko arlo sozial, politiko, ekonomiko, kultural eta moral oro erlijiozko sineste eta dogmen arabera neurtu eta xedatu behar dira; eremu horiek laiko bihurtzea Jainkoari ikaragarrizko iraina egitea da. Arrisku horren aurrean, integrismo katolikoak itxitura egoskorrean egiten du bere gotorlekua: bilakaera edo eboluzio-usteko prozesu horren aurrean, tradizioari, betikotasunari, dogmari, hots, Egia eternoari, gogor eusten dio, berrikeria oro txarretsiz.

Bekatuaren eta okerraren bideak zenbatezinak dira, eta Egiarena, berriz, bat bakarra (estua, malkartsua). Dotrina katolikoak gauzak beti nola izan diren eta nola izan behar duten erakusten du, eta, batez ere, gizaki bekatariok gaizkirako daukagun berezko joera samurtzen du. Ikuspegi integristan, etika laiko baten posibilitatea –hau da, moralaren eta erlijioaren arteko bereizketa– guztiz irudika ezina da. Jainkoaganako eta hil ondorengo bere sari eta zigorrekiko sinesmena galduz gero, anabasa gailenduko litzateke.

Fedeak eta, bereziki, infernuaren beldurrak, eusten eta oztopatzen baitu gure piztikeria gaiztoa. Bera da gizalegearen eta guztiok elkarri zor diogun errespetu eta errukiaren iturria; bera da nazioaren bakea eta ordena bideratzen duena; bera da familien egonkortasuna ziurtatzen duena… Erlijioari errespetua galtzea baino ezer okerragorik ez dago. Horregatik zaizkie hain gogaikarriak elizgizonei bai herejeak eta bai kristauen artean bizi diren fede epeleko jendea, eta batez ere, erjijioaren misterio handiak bere kabuz hausnartzen ausartzen diren horiek, kristau onaren galgarri diren jakin-min eta zalantzarekin jokatzeko beldurrik ez dutenak.

Gizarte tradizionalak deitzen ditugun horietan kasualitateak edo zoriak ez du lekurik. Zerbait ezohikoa edo arraroa gertatzen bada, aurreikus ezin zitekeen zer edo zer –bat-bateko heriotzen bat, osasuntsu zetorren umearen ezusteko gaixotasuna, abereen galtzea, edo halakoren bat–, ezin azal daiteke hori zori kontua dela esanez. Gauzen bilakaera normaletik at geratzen den gertakari orok bere azalpena behar du, esanahi-sare trinkoan kokatu behar da nola edo hala, zentzugabeko zulorik utzi gabe. Gizarte tradizionaletan, halako ezohiko fenomeno kaltegarriak azaltzeko kanpoko gaitz-ekarle bat identifikatu ohi da. Eta beste kulturetan bezala, euskal kultura tradizionalean ere sorginkerian edo begizkoan aurkitu izan dira, batez ere, anomalia horien iturburuak.

© 2024 Bilbo Zaharra Euskaltegia | Eskubide guztiak gordeta |

Log in with your credentials

Forgot your details?