Euskara-mailen agiriak eskuratzeko HABEren egiaztatzegintza-prozesuak, COVID-19ak eragindako osasun-larrialdiaren ondorioz behin-behinean atzeratu zirenak, berrabiatu egin dira HABEren zuzendari nagusiaren maiatzaren 13ko Ebazpenez.

Azterketa-deialdi bidezko egiaztatzegintza


  • Matrikulatzea
    Azterketa-deialdietan matrikulatzeko epe berriak honako hauek dira:

    • Euskaltegietako ikasleen lehen deialdia (B2, C1 eta C2 mailak): maiatzak 25 – 31
    • Lehen deialdi irekia (C1 maila): maiatzak 18 – 24
    • Euskal Etxeetako ikasleen deialdia (B1, B2 eta C1 mailak): maiatzak 25 – 31

    ADI – Deialdi bakar batean egin daiteke matrikula: euskaltegietako ikasleen deialdian parte hartzen duenak ezin du deialdi irekian ere parte hartu, nahiz eta beste maila batean izan; bestalde, Euskal Etxeetako ikasleentzako deialdian matrikulatzen den azterketariak ere ezin izango du inolako matrikularik egin euskaltegietako ikasleentzako deialdian, ezta deialdi irekian ere.

  • Deialdien antolaketa
    Azterketari-kopurua era osasungarrian kudeatzeko eta osasun-agintariek xedatutako jarraibideen baitan, honela antolatuko dira deialdiak:

    • Euskaltegietako ikasleen lehen deialdia (B2, C1 eta C2 mailak): 
      – Idazmen-proba BECen (Barakaldo) egingo dute azterketari guztiek. >> Eguna: ekainak 15-18
      – Entzumen-, irakurmen- eta mintzamen-probak konbalidatu egingo dira, euskaltegian egindako ebaluazio-jarduerei balio egiaztatzailea aitortuz.
    • Lehen deialdi irekia (C1 maila):
      – Irakurmen- eta idazmen-probak BECen (Barakaldo) egingo dituzte azterketari guztiek. >> Eguna: ekainak 12-13
      – Entzumen- eta mintzamen-probak hiru lurraldeetan deituko dira. >> Eguna: uztailak 20-21
    • Euskal Etxeetako ikasleen deialdia (B1, B2 eta C1 mailak):
      – Proba guztiak era telematikoan gauzatuko dira.
  • Prebentzio-jarraibideak eta babes-neurriak
    Aurrez aurre gauzatuko diren deialdietan, azterketariek eta antolaketako kideek bete egin beharko dituzte osasun-agintariek zehaztutako prebentzio-jarraibide eta norberaren higienerako neurri hauek:

    • Sintomak: proba egunaren bezperan eta goizean bertan tenperatura hartzea eta arnas-sintomarik izateari erreparatzea. COVID-19arekin bateragarriak diren gaixotasun-sintomak dituztenek galarazita dute aztertokira joatea.
    • Maskara: nork bere maskara eramatea aztertokira.
    • Segurtasun-distantzia: 2 metroko distantzia gordetzea pertsonen artean.
    • Eskuak garbitzea: aztertokian egongo den gel hidroalkoholikoa erabiltzea eskuak garbitzeko.
    • Materiala: nork bere materiala eramatea probak egiteko (erantzun-orrietan, boligrafoa erabili behar da).
  • Egutegia
    Proben egutegia eta deialdi bakoitzari dagokion informazio xehea webgune honetako “Egiaztatze-deialdiak” atalean emango da argitara maiatzaren 18an.

Ebaluazio jarraituaren hariko egiaztatzegintza


2. garaiko agiriak eskuratzeko prozedura behin-behinean eten zen martxoan. Prozedura horiek berrabiatu eta 3. garaiarekin batera gauzatuko dira orain. Ondorioz, atzeratutako epealdian A1, A2 edo B1 maila euskaltegian egiaztatu duten ikasleen agiriak uztailaren 30ean luzatuko dira.

0 Comments

Leave a reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

© 2024 Bilbo Zaharra Euskaltegia | Eskubide guztiak gordeta |

Log in with your credentials

Forgot your details?