Anjel Lertxundi
Orion jaioa 1948an.
Maisu eta Filosofia eta Letra ikasketak egin zituen Donostian, Erroman eta Valentzian. Irakasle izan zen Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolan, eta bertako zuzendari lau urtez. Zarautzen bertan bizi da umetatik.
Produkzio handiko idazlea, literaturaren alor guztiak jorratu ditu, eleberri eta ipuinetatik hasi eta itzulpen eta saiakerara, haur eta gazte literatura ahaztu gabe. Euskal komunitate zientifikoaren Inguma datu-baseak bere 69 ekarpen jasotzen ditu. Zinemaren munduan ere murgildu da, bi pelikula zuzenduz: 1984an “Hamaseigarrenean, aidanez” (izen bereko bere liburuan oinarriturik) eta 1987an “Kareletik”. Honetaz gain, hainbat hedabidetan kolaboratu du, tartean Berria egunkarian.
Euskal Idazleen Elkartearen sorreran, 1982an, erakundearen presidente izendatu zuten, eta kargu hartan egon zen 1985 arte.
Hitz-jokoen zalea, hiztegia iraultzeko eta aberasteko bultzatzaile nekaezina da. Euskaltzain urgazlea da, eta euskaltzain oso izendatzeko proposatu dute. Euskarak duen idazle onenetakoa da Lertxundi, eta ofizio handienetakoa.
2010ean Espainiako Literatura Sari Nazionala irabazi zuen, saiakera arloan, Eskarmentuaren paperak lanarekin.