- Noiz: Martxoak 5, asteazkena, 19:00
- Non: Euskaltzaindiako Egoitzan, Bilboko Plaza Barrian
Yolanda Arrieta
Etxebarrian jaioa, 1963an.
Irakasle ikasketez gain, Antzerkia eta Kultur eta Gizarte Antropologia egin ditu. Idazketa sortzailearen inguruko tailerrak gidatzeaz gain, hainbat liburu argitaratu ditu Haur eta Gazte literaturan zein helduenean. Esate baterako, Argiaren alaba 2015eko Euskadi Saria Haur eta Gazte Literaturan, edota Kulun-kuttunak, ametsetarako kanta-olerkiak album ilustratu formatuan, Aitziber Alonso irudigilea kide duela. Gaiei dagokionez, behin baino gehiagotan azpimarratu izan du emakumeek ahozko literaturaren transmisioan izan duten garrantzia.
Haur txikien gurasoekin literatura lantzeko saioak egiten ditu. Aho bete amets: ahozko haur literaturaren alde izeneko liburuxka duzue horren lekuko.
Ipuinetik bizi da, aspaldiko lemari fidel: jana gorputzerako, lagunak bihotzerako eta kontuak arimarako.
Josune Muñoz
Bilbon jaioa 1967an.
Euskal filologoa da ikasketaz, baina formakuntza feministan eta literatur ikerketan ari da aspalditik.
Genero-ikerketan aditua, 2004an Skolastika taldea jarri zuen martxan, emakumeek sortu izan duten literatura eta gaur egun sortzen ari direna biltzeko, ikertzeko, lantzeko eta irakasteko espazioa. Dokumentazio gunea eta liburutegia izateaz gain, bilgunea ere bada Skolastika. Emakumeak eta literatura ardatz dituzten hainbat ikastaro eskaintzen ditu Josune Muñozek, eta literatur kritikaria da. “Sareinak, feminismo literarioak” proiektuko kide ere bada. Azken urteotan emakumeek sorturiko komikiak aztertzen ari da buru-belarri.
Euskal emakumeen literatura izan du ikergai nagusietakoa. Besteak beste, Euskal literatura erotikoaren antologia (2009) eta Desira desordenatuak: Queer irakurketak euskal literaturaz (2010) liburuak publikatu ditu.