- Noiz: Azaroak 14, osteguna, 19:00
- Non: Euskaltzaindiako Egoitzan, Bilboko Plaza Barrian
Kandido Uranga eta Inazio Tolosak “Gabriel Arestirekin” ikuskizuna ekarriko digute gaurkoan. Ikuskizuna Gabriel Aresti olerkari bilbotarraren ‘Harri eta herri’ liburuko ‘Q’ poeman eta Pedro Alberdiren ‘Gabriel Aresti Eibarren’ ipuinean oinarrituta dago. Kandido Uranga eta Inazio Tolosaren sorkuntzaz gozatu nahi duenak Euskaltzaindiako egoitzara hurbiltzera gonbidatuta dago (sarrera librea aforoa bete arte).
Kandido Uranga
Zumaian jaioa 1955ean.
Euskal aktorea. Antzezpen-genero askotarikoak landu ditu, besteak beste, zinema, telebista eta antzerkia. Bikoizketailea ere bada. Ahots ozen eta fisiko sendoa dituenez, izaera nabarmeneko, eta maiz gogorreko, pertsonaiak antzeztu izan ditu.
1979an hasi zen interpretazioaren munduan Luis Iturriren gidaritzapean, Leioako Unibertsitateko antzerki lantegian. 1980-1982 artean, Antzertin, Eusko Jaurlaritzaren Arte Dramatiko Eskolan, antzerki ikasketak burutu zituen. Orduz geroztik, antzerkian, zineman eta telebistan ari da lanean.
Urangak egindako obren artean arrakasta handia izan dute Behiak eta Amama filmek, Goenkale telesaioak eta Heroiak antzezlanak. Bilbo Zaharra Forumean aurrez Jon Miranderen poemak taularatu ditu.
Inazio Tolosa
Gipuzkoarra.
Hainbat artista eta antzerki talderekin egin du lan, Maskarada, Txalo, Gorakada edo Theatre Du Rivage, besteak beste. Maskarada antzerki-taldearekin Gaztibeltzaren karabinak obran parte hartu zuen. Antzerki irakaslea ere izan da, eta talde amateurrak zuzendu ditu. Kultura teknikaria ere izan da Zumaia eta Getarian, eta Zumaiako Musika Festibalaren zuzendaria izan da bost urtez.
Inaziok klarinetea, saxofoia eta tronpeta jotzen ditu, eta Jon Maia betrsolariarekin batera, Karidadeko Benta taldearen sortzailea da, lau diska grabatuz (Karidadeko Benta, 2003, Amore amore, 2004, San Quirico, 2006 eta Lehengo munduaren azkena,2008).
Bilbo Zaharra Forumean aurrez Putinen guardasola taularatu du, Ramon Agirrerekin batera.