Noiz: Martxoaren 5a, osteguna, 19:00

Non: Euskaltzaindiako egoitzan, Bilboko Plaza Barrian

Mariasun Landa

Errenterian Jaioa 1949an.

Gizarte-langintza ikasketetan graduatu ondoren, Filosofia ikasketak egin zituen Parisen. Hauek amaitu ostean, 70. hamarkadan hain zuzen ere, Euskal Herrira itzuli zen euskalduntzera. Prozesu horretan bere helburuak lortzeko Zarauzko Ikastolara jo zuen. Han Anjel Lertxundirekin aurkitu zen eta orduan irakaskuntza munduan sartu zen. Hasieran ezkutuko lokal eta garajeetan ekin zion bere irakaskuntza ibilbideari eta garaiko euskarazko material eskasa zela eta, berak jardun zuen euskarazko materiala sortzen. Gerora, ikastoletako irakasleriaren kide egin zen, Eusko Jaurlaritzaren irakasleriaren euskalduntze programan irakasle lanari ekinez. Hortik EHUko Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolan Literaturaren Didaktika irakastera igaro zen eta bertan eman ditu erretiroa hartu aurretiko bere irakasle ibilbidearen azken urteak.

Ezaguna da batik bat haurrentzat idatzitako ipuinak direla-eta, Galtzerdi suizida eta Krokodiloa ohe azpian izanik, besteak beste, ezagunenak. Arlo honetan, liburu ugari plazaratu ditu, bai eta hainbat sari lortu ere. Euskarazko Haur eta Gazte Literaturaren arloan lortu dituen sarien artean, 1982an Txan Fantasmagatik Lizardi Saria, 1991n Alex ipuinagatik jasotako Euskadi Saria eta 2003an Krokodiloa ohe azpian narrazioagatik eskuratutako Espainiako Haur eta Gazte Literaturaren Sari Nazionala dira aipagarrienak. 2014an, Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzia Saria jaso zuen.
Mariasun Landaren lana hainbat hizkuntzatara itzulia izan da: gaztelania, katalana, galiziera, frantsesa, ingelesa, italiera, greziera, esloveniera, arabiera, koreera, etab

Elena Odriozola

Donostian jaioa 1967an.

Ilustratzailea da, Euskal Herriko nahiz atzerriko argitalpenetarako lan ugari egindakoa eta Euskal Herrian nahiz nazioartean hainbat sari eskuratu dituena, hala nola Euskadi Saria ilustrazio arloan (2009 eta 2013), Espainiako Ilustrazio Sari Nazionala (2015) eta Bratislavako Ilustrazioen Nazioarteko Biurtekoko Urrezko Sagarra (2015). Aurtengon Andersen sasietarako finalista.
Elenaren aita eta aitona margolariak ziren eta haiek kutsatu zioten margolaritzarekiko zaletasuna. 13 urte zituela, aitak margolaritza eskoletara apuntatu zuen. Gerora, Arte eta Dekorazio ikasketak burutu zituen, eta, 1989an, publizitate agentzia batean lanean hasi zen. Han eman zituen bere lehen urratsak ilustrazioaren munduan. Baina 1995ean argitaratu zen berak ilustratutako lehen liburua, Jesus Mari Olaizola “Txiliku”k idatzitako Agure jakagorria (Elkar, 1995). Ordutik hona ehun liburu baino gehiago ilustratu ditu, hainbat eta hainbat hizkuntzatara itzuli direnak.

Asko dira Elena Odriozolak burututako lanak. Mariasun Landa, Juan Kruz Igerabide eta, bereziki, Patxi Zubizarretarekin aritu da lanean. Sentsibilitate eta estilo komun batek lotzen ditu Odriozola autore hauekin.

0 Comments

Leave a reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

© 2024 Bilbo Zaharra Euskaltegia | Eskubide guztiak gordeta |

Log in with your credentials

or    

Forgot your details?

Create Account