Noiz: Martxoak 3, asteartea, 19:00
Non: Euskaltzaindiako areto nagusian, Bilboko Plaza Barrian
Anjel Lertxundi
Orion jaioa 1948an.
Maisu eta Filosofia eta Letra ikasketak egin zituen Donostian, Erroman eta Valentzian. Irakasle izan zen Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolan, eta bertako zuzendari lau urtez. Zarautzen bertan bizi da umetatik.
Produkzio handiko idazlea, literaturaren alor guztiak jorratu ditu, eleberri eta ipuinetatik hasi eta itzulpen eta saiakerara, haur eta gazte literatura ahaztu gabe. Euskal komunitate zientifikoaren Inguma datu-baseak bere 69 ekarpen jasotzen ditu. Zinemaren munduan ere murgildu da, bi pelikula zuzenduz: 1984an “Hamaseigarrenean, aidanez” (izen bereko bere liburuan oinarriturik) eta 1987an “Kareletik”. Honetaz gain, hainbat hedabidetan kolaboratu du, tartean Berria egunkarian.
Euskal Idazleen Elkartearen sorreran, 1982an, erakundearen presidente izendatu zuten, eta kargu hartan egon zen 1985 arte.
Hitz-jokoen zalea, hiztegia iraultzeko eta aberasteko bultzatzaile nekaezina da. Euskaltzain urgazlea da, eta euskaltzain oso izendatzeko proposatu dute. Euskarak duen idazle onenetakoa da Lertxundi, eta ofizio handienetakoa.
2010ean Espainiako Literatura Sari Nazionala irabazi zuen, saiakera arloan, Eskarmentuaren paperak lanarekin.
Haur-ipuinetako bilduma ugari idatzi ditu; esaterako, Madame Kontxesi-Uribe, Brigada & Detektibe saila. Esan izan ohi da haren Tristeak kontsolatzeko makinak (1981) modernitatea ekarri zuela euskal haur eta gazte literaturara.
Antton Olariaga
Usurbilen jaioa 1946an.
Komikigilea, marrazkilaria.
Arte Ederretako ikasketak egin zituen Valentzian aurrena eta Bilbon gero.
70eko hamarkadan hasi eta gaurdaino lanean dihardu. Valentzian bertan Las Provincias egunkarian hasi zen kolaboratzen marrazkilari gisa, eta ondoren Cuadernos para el Diálogo aldizkari ospetsuan.
Asko jardun du literaturaren munduan, eleberrietarako ilustrazioak eginez. Baita egunkari eta aldizkarietan ere; esaterako, Berrian, Zakilixuiten komiko tirarekin. Publizitatean eginiko etapa labur baten ondoren, eta bere euskaltasunak bultzaturik, Zeruko Argia aldizkarira bidali zituen lanak, froga gisa. Lanok onartuak izan ziren, eta orduan hasi zen Olariagaren ekarri oparoa euskalgintzari, gero eta harreman estuagoan. Bilbora etorririk, laster ugaritu zituen kolaborazioak prentsan (Anaitasuna) eta argitaletxeetan (Saioka…). Alderdi biok, egunean eguneko lanak eta liburugintzak, albisteak eta ilustrazioak, garrantzi berezia izango zuten beti bere lanean, egundaino.