Euskal Filologian lizentziatu zen Bilboko Deustuko Unibertsitatean, eta euskara irakasle lan egin zuen. Bergarako UNEDen fonetika irakasle izan zen eta Udako Euskal Unibertsitatean ere parte hartu zuen. Zeruko Argia, Anaitasuna, Jakin eta Oh Euzkadi aldizkarietan eman zituen argitara bere lehen lanak, eta Pott Bandako kideetako bat izan zen, Bernardo Atxaga, Manu Ertzilla, Ruper Ordorika, Jon Juaristi, Joxemari Iturralde eta beste hainbat idazlerekin batera. Euskaltzain urgazlea, Ibaizabal aldizkariaren sortzaileetako bat ere izan zen. Lan originalez gain, literatura unibertsaleko autoreak euskaratu ditu, batez ere ingelesezko literaturakoak, tartean Samuel Taylor Coleridgeren The Rime of the Ancient Mariner (Marinel Zaharraren Balada) poema narratibo luzea, poesia erromantikoaren gailurretako bat. Hainbat idazleren lanak ere itzuli ditu, tartean T. S. Eliot, Manuel Bandeira edo Fernando Pessoarenak.

1980an, ETAko kidea zela eta, Espainiako poliziak atxilotu eta 22 urteko espetxe zigorra ezarri zioten. Harrezkero, preso izatearen errealitatea bere obran hainbat aldiz ukitu du. Urte hartan bi literatura-sari irabazi zituen.1981ean “Izuen gordelekuetan barrena” lehenengo poema-bilduma argitaratu zuen. Liburuak oihartzun handia izan zuen eta euskal idazle berrien lanetan baita eragina ere.1985eko San Fermin egunean ihes egitea lortu zuen, Martuteneko espetxearen barruan Imanol kantariak emandako kontzertu baten aukera baliatuz, Iñaki Pikabea presoarekin batera bozgorailu batean ostenduta. Gertaera haren omenez Kortatu taldeak Sarri, Sarri kanta ospetsua egin zuen. Ordutik, iheslari bizi da (dagoeneko, Espainiako legeen arabera, haren delituek preskribatu badute ere) eta, hain zuzen, iheslari erbesteratuarena izan da haren obraren beste gai nagusia, Lagun Izoztua eleberrian, esate baterako, ikus daitekeen moduan. Klandestinitatean bizi izan arren, liburuak argitaratzen jarraitu du eta hainbat kantarik musikatu ditu haren letrak: Mikel Laboak, Ruper Ordorikak, Fermin Muguruzak, adibidez. Esan Ozenki eta Txalaparta diskoetxeek elkarlanean “Hau da ene ondasun guzia” disko-liburua argitaratu zuten, idazlearen poema musikatuekin.2011ko urrian Eusko Jaurlaritzak euskarazko saiakeraren Euskadi Literatura Saria eman zion “Moroak gara behelaino artean?” liburuari esker, baina sariari dagokion dirua atxiki egingo zuela jakinarazi zuen justiziaren aurrean bere egoera erregularizatu artean. Espainiako Auzitegi Nazionalaren Fiskaltzak auzirik ez zuela esan zuenean, diru saria eman zioten.

© 2024 Bilbo Zaharra Euskaltegia | Eskubide guztiak gordeta |

Log in with your credentials

Forgot your details?