Fede onez idatzitako liburua

“Martutene”

Fede onez idatzitako liburua

“Martutene garai oso bati (1989tik 2012ra hedatzen den aroari) amaiera ematen dion eleberria da. Agortezina da, eta aukera ematen digu euskal mundua definitzen duten diskurtso gehienak interpretatzeko: antropologikoa, soziologikoa, euskalkietakoa eta herri txikietakoa, politikoa, terrorista, globala, medikoa, gastronomikoa, arte ederretakoa, musikakoa, turistikoa, etorkinena, eta abar.”

 

Martutene

Saizarbitoria guztiak daude Martutenen: dorpezia afektiboak zerrendatu eta emakumezkoen barne gogo ustez zundaezinean arrakastaz murgiltzeko gai dena; euskal gatazka deritzon hori denboran aurrera eta atzera, ezker eskuin eta alderik alde haztatzen dakiena; nazionalismoaz arduratzen dena… Saizarbitoria guztiak daude Martutenen, saiogilea eta nobelista, eta baita bere obraren autoexegesia egiten duena ere, sotilki eta hirugarrenen bidez, inork ausarkeria eta neke hori hartzerik nahi ez balu bezala.

Saizarbitoria guztiak daude Martutenen, gizarte ereduak leherrarazi eta mundua aldatzera deitutako belaunaldi batekoa izaki “in my time” esaten duen idazlearena, Prousten erruz ia idazteari utzi zion Virginia Woolfekin sinpatizatzen duena, Semmelweis idatzi zuen Céline klinikoa eta obsesiboa akordura ekartzen diguna, xehetasunen errepikapenak maite dituena, txapelei buruzko saiakera literarioa txertatzen diguna narrazioan digresioarekiko gustu handiz…

Saizarbitoria guztiak daude Martutenen, halako moldez non nekez sentituko baita irakurlea eroso (“Askok ez bazuten inoiz pistola bat eskuan hartu ez zen izan indarkeriaren aurkako militante konbentzituak zirelako edo moral aldetiko eragozpenak zituztelako, baina bai ez zeukatelako bizia arriskuan jartzeko aski adorerik”).

Saizarbitoria guztiak daude Martutenen, baina, oroz gain, sintzeridadez –Montaignek “fede on” esaten zion hura– eta sinesgabetasunez munduari begiratzen diona, jakinki sintzeridade horrek zoko ilunak argitu eta zoko argiak iluntzera eramango duela ezinbestean, noiz ironiaz, noiz etsipenez. Hor dago Saizarbitoria hori, idatzi egin behar duena pentsatzeko, idazteko desiraren funtsean bere hutsune amnesikoa bete beharra dagoela dakiena. Saizarbitoria voyeur-a eta écouteur-a, ate itxi baten atzetik entzundako orgasmoa paragrafo batera ekartzen inork baino hobeto dakiena. Simone de Beauvoir eta Sartrerekiko bere afektuak aldatzen doazena haien elkar umiliatzeko gaitasunaren berri izan ahala. Sexuaren pultsioaz bezala, mundura jaiotzeaz, zahartzaroaz eta eutanasiaz diharduena.

Hor dago beste Saizarbitoria hori ere: euskal izaera sotilki adierazten duten xehetasun eta pasadizoen emalea, euskaldunon ustezko bihotz-idorkeria neurritasun dotorea ote den galdetzen duena, hiriburuen arteko lehia zentzugabeari heltzen diona.

GAI-ZERRENDA

Martutene eta iragana

Martutene eta gastronomia

Martutene eta bikote-harremanak

Martutene eta Hamaika pauso

Martutene eta ETA

Martutene eta osasun-sistema

Martutene eta diruaren garrantzia

Martutene eta hizkuntzalaritza

Martutene eta Max Frich – Montauk

Martutene eta metaliteratura (literatura-aipuak barne)

Martutene eta euskararen auzia

Martutene eta jantziaren garrantzia

Martutene eta umorea

Martutene eta Otzeta

© 2022 Bilbo Zaharra Euskaltegia | Eskubide guztiak gordeta |

Sartu zure kredentzialak

edo    

Ahaztu egin xehetasunak?