Klasikoen 3. irakurketa jarraitua
2010/06/16
Martxoko egun bat zen. Sartaldetik zetorren haizeak, itsasoko oihartzunen ekarle, makur-erazten zituen parkeko zuhaitz ilunak sala-leihoaren aurrean; intzirika ari ziren, eta iharrosten ziren ontzi-mastak izan bailirakeen ekaitz baten jostagailu. Ba zirudien giza-bihotz baten amets maiteena, ontzi-irudi haietara emanaz, urrutira eramanen zutela, beti urrutirago amets orok loratze ta betegintzarre duen ugarte doatsuetaraino… Baina haizea erortzen zenean eta gaurko hodei lodien artetik ilargiak bere arpegi maltzurra irkaitzez erakusten zuelarik, berriz ere urkabe bihurtzen ziren zuhaitzok, zut, gora, mugitu gabeak zeru beltzari kontra. Martxoko egun bat, hotza, epai-egun bat bezalakoa, pentsatzen zuen gizonak, kanpora begira; belek baizik ez zuten huts egiten… aski goizik hor izanen ziren ordea, haren amets hil-beharraz asetzera etorririk. Bat zekusan jadanik, begiak barruko aldera inguratzen zituen aldikal: neskame zaharra hor zebilen, beltzez jantzia, ezpain meheak tinkaturik eta mutiri, etxeko jaunak eragozten ziolako mahaia eraikitzen zihardukalarik. Baina gizona ez zen higitu, eta atsoari beste nahigabe bat emateagatik, agindu zion edatera ekar ziezon berehala…
